Talde sozialistak udal gobernuaren hitzak salatu ditu

Txintxarri 2011ko maiatzaren 3a

Lasarte-Oriako alderdi sozialistak udal gobernuak egindako adierazpenei erantzuna eman nahi izan die. Jesus Zaballosen hitzetan udal gobernuko ordezkariek emandako informazioa ez da zuzena eta zenbait gairen inguruan ezjakintasunez jokatzea leporatu die.

Sozialistak gobernuan izan diren urte guztietan egindako kudeaketaren harira, lan egiteko moduak besterik ez direla izan adierazi du Zaballosek. Orain arte udal barruko egiteko moduak alkatearen gehiegizko kontrolean oinarritzen zirela salatu zuen Pablo Barrio alkateak eta hau sozialistentzat, lan egiteko beste modu bat besterik ez da. “Guk alkatearen figura udaleko ordezkari gorena eta kudeatzaile nagusi bezala ulertzen dugu. Berak dauka udaletxean gertatzen den guztiaren ardura bai onerako, baita txarrerako ere eta horretaz gain, berari dagokio udal teknikari guztien lana koordinatu eta kudeatzea.” Oraingo gobernuaren funtzionatzeko era beste bat izatea nahi badute, beraiei dagokie barruko lan hori guztia euren irizpideen arabera finkatzea.

Dirulaguntzen banaketa


Dirulaguntzen gaiari helduz, irizpiderik gabe banatzen zirela salatu zuen udal gobernu berriak eta hau ekiditeko aurrerantzean neurriak hartuko zirela adierazi zuten ordenantza zehatz bat onartuz. Sozialistek lan hori eginda utzi dutela salatu nahi izan dute "aurreko legealdian diru laguntzen inguruko erreglamenduaren borradore bat aurkeztu eta onartu genuen, aplikatu besterik ez dute egin behar".

Bere garaian Somotoko laguntzak ikertzeko lanak martxan jarri zirenean, kooperaziorako diru laguntzak banatzeko irizpideak ezartzea ez ezik, gainontzekoak banatzeko pautak jartzea eskatu zutela azpimarratu dute sozialistek. Izan ere, dirulaguntzen inguruko legedia nahiko berria zen eta "ez zigun denbora eman beharrezkotzat ezartzen zen diru laguntzen inguruko ordenantza landu eta ezartzeko".

2008ko aurrekontua


Ekonomiari dagokionez, 2008. urteko aurrekontuarekin jarraitzea, herentzia larria zela azpimarratu zuten udal gobernuko ordezkariek. Honela, 2011. urtea bukatzeko Plan Ekonomikoa egin eta 2012. urteko aurrekontuan lanean ari direla aurreratu zuten. Sozialistentzat gezurretan ari dira, "guk 2010. urterako aurrekontua eginda utzi genuen, oposizioak ez zuen onartu eta bertan behera geratu zen baina hor dute gure lana". Datozen urtetarako aurreikuspenak jasotzen dituzten dokumentuak ere gobernu berriaren eskuetan daudela dio Jesus Zaballosek.

Hiribusaren gaia 2010.urteko aurrekontuarekin lotuta dago. Zerbitzuaren gastua 2010eko aurrekontuetan azaltzen zela azpimarratzen dute sozialistek, "baina hau beste udal taldeek onartu ez zutenez, ezin izan zen zerbitzua ordaindu. Ez zegoen horretarako aurreikusitako diru partidarik". Dena den, ordainketa eginda ez egotearen arrazoiak zeintzuk ziren jakiteko, alderdi sozialistarekin biltzeko eskaera egitea zutela adierazi du Zaballosek "edozein zalantza argitzeko prest gaude beti, ezjakintasunean oinarritutako gezurrik ez esateko eskatzen diogu gobernu berriari".