Lats-arte, Lasarte+Oria, Lasarte-Oria” deitu diote Ttakuneko antolatzaileek aurten Udaberriko Bertso Saioari eta herriaren historian zehar nabarmenak izan diren momentu eta pasadizoak izango dira bere haria eta ardatza.
Batez ere, Belle-Epoque deituriko urrezko garaian murgilduko dira eta hori irudikatzeko argazki zaharrak erabiliko dituzte Edu Galardiren laguntzari esker.
Ttakunek antolatu du laugarren aldiz saioetara joan ohi ez direnak bertsolaritzara hurbiltzeko helburuarekin. Urtero oso ekitaldi berezia eta ikusgarria bihurtu da, bertsolariekin batera herriko “artistek” parte hartzen dutelako.
Aurten Andoni Egaña, eta Arkaitz Estiballes Bizkaiko txapelduna arituko dira herriko Unai Muñoa eta Ane Labakarekin batera bertsotan, eta beraiekin batera parte hartuko dute besteak beste Lasarte-Oriako udal musika eskolako partaideak, Loatzo musika eskolako bi irakaslek, Aitor Atxega, Mirari Irurtzun eta Petra Elserrek, Xumela abesbatzak, Kukuka taldeko antzezleak, Charlestona eskainiko duten Ana Minguez eta bere dantzalagunak eta klakea dantzatuko duen Tik-Tak-Clak taldeak.
Aurreko urteetan antzerkia eta dantzak hartu zuten bertsoekin batera protagonismoa, eta aurten zuzeneko musika izango da ardatz eta berrikuntza nagusia. Saio osoan zehar jardungo dira aipatutako musikariak jotzen.