Ez dugu onartzen

Txintxarri 2011ko maiatzaren 6a

Maiatzaren 22an ospatzekoa den hauteskunde egunaren harira, hego Euskal Herriko kaleetan barrena kokatuta aurki ditzakegu alderdi politikoek beren afixa eta propaganda bitartekoak ezartzeko panelak. Panel zuri-zuriak, egun gutxitan era guztietako mezu eta proposamenez beteko diren egurrezko xafla dotoreak.
Lasarten ere halako hainbat kokatu dituzte auzoetan zehar. Baina bada gauza esanguratsu bat gure herrian ezarri dituzten panel hauetan; "Elecciones" delako hitza agertzen da bertan, besterik gabe. Jakina da hego Euskal Herriko biztanle gehienek gaztelaniaz aritzeko inongo arazorik ez dutela. Baina zergatik ageri da informazio hau gaztelania hutsean? Ezker Abertzaleak gogor salatu nahi du batzuk zertzeladatzat hartuko duten egoera hau. Izan ere, uste dugu Euskaldunok nahikoa da esateko ordua iritsi dela. Utzikeriaz eta inongo sensibilitate gabe egindako ekintza dela uste dugu, era naturalean gauzatua, euskara ezertarako behar ez duen norbaitek bideratua.
Nahikoa da; aspertuta gaude herriko ordezkari politikoek plenoetan beste alderdien zeresanak ulertzeko itzultzaile zerbitzua erabiltze behar horrekin; ez dugu ulertzen udaleko alderdi nagusiak etxeetara bere hauteskunde propaganda gaztelania hutsez bidaltzea, gutxienez bi alditan 2010-2011ko honetan: minduta gaude euskarak pairatzen duen errespetu faltagatik, eta aztoratuta euskaldun gisa XXI. mendean oraindik ere hizkuntza eskubide bermerik ez dugulako. Euskaraz bizitzeko hautua egina baitugu, euskara baita gure amaren bularretik jaso dugun mundua ikusteko leihotxo hori, eta euskara delako gure izena, izana, ekina eta etorkizuna.
Lerro hauetatik deialdi zuzena egiten diogu guzti honen arduradunari hauteskunde kanpaina hasi aurretik panel hauetan euskal eledunon eskubideak bermatuak izan daitezen.

Lasarte-Oriako Ezker Abertzalea