Gidabaimena euskaraz atera daiteke

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 7a

Gazteek gidabaimena euskaraz atera dezaten sustatzeko, 2010ean gauzatutako egitasmoari jarraipena emanez, Buruntzaldeko udalek egitasmo hau jarri dute abian 2011rako.
Kanpainaren berri Mikel Izagirre Urnietako alkateak, Iñaki Mugica Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko lehendakariak, Malores Etxeberria Hernaniko Euskara teknikariak eta Marifer Gorostiza Lasarte-Oriako teknikariak eman zuten asteazkenean.
“Buruntzaldeko herritarrei jakinarazi nahi diegu gida-baimena euskaraz ateratzeko daukaten aukera, batez ere, aurten 18 urte betetzen dituzten gazteei. Horretarako, gutuna eta diptikoa iritsarazi zaie Buruntzaldeko 18 urteko gazte horiei,” aipatu zuten.
Era berean, iazko kanpainaren antzera, auto-eskola bakoitzeko gidabaimenaren alderdi teoriko baten zozketa egingo da azterketa gainditzen dutenen artean.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak autoeskoletan euskaraz ikasteko aurten egingo duen kanpaina ere azpimarratu zuten.