Bertso dinner eta maratoia Belfasten

jon-altuna 2011ko mai. 9a, 02:00
Urtero egiten den Bertso Dinner-ean izan dira Belfast, Irlandako hiriburuan, dozena bat herritar. Aurten, Amets Arzallus eta Andoni Egañak apirilaren 30ean eskainitako saio bikainaz gozatzeko aukera izan zuten. Tomas Arruti eta Iñaki Iaben, aldiz, maiatzaren 2an, astelehenean, egin zen Belfasteko maratoian parte hartzeko joan ziren, baina ez zuten, noski, bertso bazkaria galdu.
Irlandako hiriburuan egun batzuek pasatu eta garagardo pinta batzuek hartuta pozik itzuli ziren bertatik lasarteoriatarrak asteartean. Tomas Arruti eta Iñaki Iaben-en bezperan, maiatzaren 2an bukatu zuten hiriburuko maratoia. Proba "gogorra, baina aldi berean oso polita" Arrutik kontatu digunez.
"Aldapa gogorrak dauzka, Belfasten goiko aldera igotzen da". Gero goitik hiriaren ikuspegi ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zuten. Belfast osoa ikusten zen, jaitsi, ibai bazterretik eta itsaso ondotik ere beste zati bat egin eta erdigunean amaitu zuten.

Erritmo ezberdinean

3 ordu eta 32 minutu behar izan zituen Arrutik proba amaitzeko, 3 ordu eta 55 Iabenek. Batez ere maratoiaren antolakuntza nabarmendu dute. "Maratoi jendetsua izan zen, oso osorik 3.500 pertsonek egin zuten eta taldeka beste askok, erreleboka, lauzpabost pertsonak bakoitzak zortzi kilometro inguru, beraz guztira hogei bat mila pertsonek parte hartu zuten, batzuek oinez. Giro herrikoia zen proban".
Ostiralean joan eta asteartean eguraldi bikaina izan dute lau egunetan. Larunbatean Bertso Dinner-ean egon ziren eta astelehenean egin zuten maratoia. "Alderantziz izan bazen hobe, aurrena maratoia eta ondoren bertso bazkaria, baina..." kontatu digu Tomas Arrutik. Oso giro ona izan zen Amets Arzallus eta Andoni Egañarekin bertso bazkarian. 110 lagunetik 12 lasarteoriatarrak ziren.

Egitarau zabala

"Gustura egon ginen bazkarian eta aurretik antolatu zuten egitarauko beste ekitaldietan" kontatu digu Arrutik. Goizean goiz, Belfasteko gune esanguratsuenak bisitatu zituzten eta hiriburuaren historiari buruzko azalpen "interesgarriak" jaso. Ondoren kalejira-poteoa trikiti eta pandero-jolearekin, bertso bazkaria eta, besteak beste, Kellys eta Maddens pub ezagunetara bisita. "Gu garaiz erretiratu ginen, baina hortz luzeekin. Neurria hartu genion eta ongi".
Belfasten eta bertso bazkarian izan ziren Leire Elizegi eta Saioa Elorza, bertan bizi den honen ahizpa Olaia bisitatzen. Baita herriko beste lagun koadrila bat: Maialen Goikoetxea, Iñigo Etxaniz, Jon Ander Goikoetxea, Ioritz Iparragirre, Iker Ortega, Ane Labaka eta Irati Perez. Guztiak elkartu ziren noski Bertso Dinner ospetsuan.
Ane Labakak kontatu digunez, oso saio ona egin zuten Andoni Egaña eta Amets Arzallus-ek. Bertso Dinner-a zuten helburu baina Dublin eta Belfast hiriburuak ezagutzeko aukera izan dute. Dublinera joan ziren hegazkinez eta han hiru egun egon ziren. Gero Belfasten beste lau. Bueltatzeko gogoa ekarri dute.

Laugarren maratoia

Maratoia eta bidaia kulturalak lotu ohi ditu Tomas Arrutik. Lau maratoi egin ditu Katalunian, Saharan bi eta Irlandan, azkarrena lehenengoa Bartzelonan hiru ordu eta erdian, beste bi Saharako desertuko baldintza gogorretan eta maiatzaren 2an Belfastekoa.
Beste maratoi batzuek ere egingo lituzke, baina arazoa denbora da, "lauzpabost hilabete entrenatzeko" behar ditu. Izan ere, gero emaitza oso ona da, “hiri batera joan eta korrika ezagutzea".
Belfasten adibidez, auzo katoliko eta protestantetan ibili ziren, Irlandako banderak eta Britainiakoak ikusi zituzten, "gainera hauteskundeak izan dira, beraz dena elkartu da, euskal giroa, bertso bazkaria, maratoia eta kanpaina".
Hainbat leku ikusi eta ezagutu zituzten korrika, alde bateko eta besteko auzoak, hauen arteko hesiak eta bertan margotutako muralak,... "orain bakean badaude ere ikusten zen bi komunitateen artean gatazka oso gogorra egon dela ".