“Gaueko Itzalak”en lehen diskoa kalean

jon-altuna 2011ko mai. 9a, 02:00

“Lurra hiltzen” lehen diskoa ekoiztu eta argitaratu du Gaueko Itzalak taldeak eta ostiral gauean erakutsi zuten herritarren aurrean Flor de Caña “zuloan”. Taldearen azken urtetako lanaren emaitza, abendu eta urtarrilean grabatu zuten Zarauzko Fidelenea estudioan Mikel Anestesiarekin eta ahal bezain beste zabaltzeko sei eurotan jarri dute salgai. Orain udako kontzertuetan ezagutarazteko asmoz dute, lehenengoa Zabaletako jaietan.

Lau lagunek 2007ko abenduan sortu zuten Gaueko Itzalak: Iñigo Garmendia (ahotsa-gitarra), Joseba Pascual (gitarra-koroak), Julen Sasian (baxua) eta Beñat Esnaola (bateria) eta hiru urte ondoren grabatu dute lehen diskoa. Metal musika egiten dute, "heavy metala, ahotsa sendo, altu eta garbia delako". Dena den, Julen baxujoleak azaldu digunez badaude parte "Trash-ago, Power-ago edo Poperoagoak".
20-21 urte dituzte, 2007 amaieratik asko ikasi dute eta esperientzia horri esker disko helduagoa dakarte. "Hasierako kantetatik eboluzioa ageri da" esan digu Beñat Esnaolak.
Sortu eta hiru urtera atera dute lehen diskoa, bere iritziz, "gazteak gara eta konturatu gara diskoa ondo ateratzeko harreman eta lan asko dagoela atzean". Beraiek egin dute dena, grabazio estudioekin harremanetan jarri, grabaketa, diseinua eta kopiak lotu,... "kantak sortzea ere kosta zaigu" esan digu Beñatek.

Hamar abesti berri

Hamar abesti dakartza diskoak: "denak berriak. Alde pixka bat egon daiteke batzuetatik besteetara, lehen bi kantak entzun eta pentsa dezakezu ez direla talde berdinarenak, batzuk 2008an sortutakoak dira, eta beste lau abesti azken sei hilabetetan sortutakoak. Ez dut esango eraginak aldatu direlako, musikaz gehiago ikasi dugulako baizik" azaldu digu bateria joleak. Aurretik 2008an herriko maketa lehiaketa irabazi zuen grabaketa zeukaten.
Orain, Zarautzen grabatu dute Fidelenea Estudioetan Anestesiako Mikel Kazalis-ekin. "Oso ondo portatu da, iritzia eman digu, lagundu, ez digu presiorik sartu, hori ere garrantzitsua da guretzat. Grabaketan “paroi“ bat ere egin genuen azterketak iritsi zirelako. Gero, Masterra Bonbereneakoei pasa eta kopiak egiteko hauen laguntza izan dugu, eurek bideratu dute". Abesti batean Sutagar taldeko Aitor Gorosabel-ek gitarra jo eta kantatu du.
Flor de Caña tabernan aurkeztu zuten diskoa ostiralean eta lagun asko joan zen ikustera. Bakoitzari sarrerarekin disko bana oparitu zieten. “Kantuez jendeak duen iritzia jakin nahi dugu” diote.
Sei eurotan salduko dituzte diskoak. Prezioa jartzerakoan zera pentsatu zuten, "gu diskoa zenbat ordaintzeko prest egongo ginateke, ba prezio horretan jarri dugu. Badakigu merkea dela, benefiziorik ez da ateratzen gaur egun diskoekin, baina gure helburua zabaltzea da, jendeak eduki dezala".
Taldekideek eskerrak eman nahi izan dizkiete diskoa grabatzeko laguntza eman dutenei, "batez ere, Joxe Mari Agirretxeri grabaketa estudioa bilatzen eta beste hainbat arlotan emandako laguntzarengatik" eta Egoitz Zelaiari "beti laguntzeko prest dagoelako". Bera dute batzuetan zuzeneko teknikari. Edu Galardi eta Isa Agirrek Zubietako kontzertua grabatzen emandako laguntza ere eskertu dute.
Esne Beltzarekin jo zuten bertan, grabatu eta bideoklipa egin dute Interneten zintzilikatzeko: “You Tuben jarriko ditugu lau-bost abesti”.
Irailean Beñat Alemaniara doa ikasketak amaitzera, eta otsaila bitartean agian izango dute bertan jotzeko aukeraren bat. "Ez litzake gaizki egongo".
Bien bitartean, uda honetarako asmoa ahal den toki gehienetan jotzea da, jendeak diskoa ezagutu dezan. Zubietako kontzertua izan da eurentzat handiena baina gogoangarriena, Julen baxujolearen ustez lehenengoa izan zen Zabaletakoa eta hurrengoa sanpedrotakoa. Beñatentzat, Iparraldean, Hazparnen eskainitakoa.
Taldearekin harremanetan jartzeko: 675702280 (Sasi) eta gauekoitzalak@gmail.com. Datu gehiago: www.myspace.com/gauekoitzalak