Bertso jaialdi ederra

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 9a

Udaberriko bertso saio ederra ikusi zen larunbatean Manuel Lekuona kultur etxean. Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes, Unai Muñoa eta Ane Labakak euren bertsoak eskaini zizkieten hurbildutako herritar guztiei. 300 lagun inguru bildu ziren antzokian eta bertan Lasarte-Oriaren historia eta mende hasierako garaiak errepasatzeko eta ezagutzeko aukera izan zen.
Bertsolariez gain herriko musikari, dantzari eta abeslari askok hartu zuten parte 2 ordu eta erdiko ikuskizun ederrean.
Aitor Lasak soinuarekin eta Arantzazu Mugikak biolinarekin, Musika eskolako irakasle eta ikasleek, Tik-Tak Klak klaket taldeak, Ane Minguez-ek eta Ana Ramiro-k Charlestona dantzatzen, Kukuka antzerki taldeak, Petra Esler-ek, Xumela abesbatza, Erketzeko dantzari eta musikariek, gehi lau bertsolariek saio bikaina eskaini zuten.

Herria izan baino lehen

Lasarte-Oria udalerri izan baino lehen herri izaera bazuen, herri sentimendua eta hori bere historian eragin du. XX. mendeko errepasoa egin zuten, eta horri lotuta Egañak, Muñoak, Estiballesek eta Labakak bertso ederrak eskaini zituzten. Gure herriaren historia ezagutzeko, Edu Galardik bildutako argazki zaharrak ere ikusi ziren.
Aurtengo bertso jaialdiak bazuen berrikuntza nabarmen bat gainera, musika zuzenean. Bertsolariei lagunduz musika estilo ezberdinak entzun ziren aretoan, eta doinu horiei jarraituz aritu ziren bertsotan.
Ttakunek eta Bertso Eskolak berriro ere bertsoak beste kultur diziplinekin nahastuz, jaialdi polita eskaini zuten.