Andoni Otamendik ondo hasi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 11

Andoni Otamendik oso ondo hasi du Gipuzkoako Txapelketa. Irabazi egin zuen lehenengo saioan, Orion igandean, 321 punturekin eta final-zortzirenetara pasatzeko lehen pausua eman zuen. Asteburu honetan bertso eskolan dabiltzan beste bost lagunek daukate kanporaketa saioa, Zigor Iriondo, Unai Gaztelumendi eta Ane Labakak larunbatean, Beñat Iguaran eta Asier Azpirozek, igandean.
G-Puntua izena hartu duen txapelketako lehen fasea ekainaren 5era bitartean jokatuko da, bertsolari bakoitzak bi saiotan kantatuko du, batean goizez eta bestean arratsaldez eta onenak, irailaren 17an hasiko diren final-zortzirenetarako sailkatuko dira. Aipagarria da, 2007ko txapelketan finalerdietara iritsi ziren bertsolariek orduan hasiko dutela txapelketa, esaterako Unai Muñoak. Finalean izan zirenek, aldiz, (Irazu, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Sarriegi, Jon Martin eta Zubeldiak) final-laurdenetan ekingo diote urriaren 22an. Finala, abenduaren 18an jokatuko da Donostian. Lasarte-Orian final-zortzirenetako bat egingo da, hain juxtu urriaren 1ean arratsaldeko 17:30ean Manuel Lekuona Kultur Etxean.
Asteburu honetan, Zigor Iriondo eta Unai Gaztelumendik larunbatean Mutrikuko Zabiel kultur etxean, arratsaldeko 17:30ean kantatuko dute, Ane Labakak larunbatean ordu berean Alegiko Kultur Etxean eta igandean kantatuko dute Beñat Iguaran eta Asier Azpirotzek Lezoko Tiñelu elkartean arratsaldeko 17:30ean.