Goiegi-gorako hotelaren proiektua aurrera doa

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 13a

Lorcako lurrikarak eragindako biktimei elkartasuna adierazteko minutuko isilunearekin hasi zen legealdi honetako azken ohizko udalbatzarra. Ostean, Goiegi-Gora HIEan Plangintzako Arau Subsidiarioak puntualki aldatzeko dokumentuari jarritako alegazioen idatzia onartu zen. PSE-EE eta PPren botoekin. Proiektuaren eta aldaketaren aurka agertu ziren beste alderdiak, udalbatzarrean egon ez ziren EB eta H1! izan ezik.
Izan ere, hauen ustez, nahiz eta herriak igerileku irekiaren erabileraz baliatu eta lanpostu gehiago sortu, hotelak zortzi pisu izango ditu.
Honetaz gain, Teresategi Hegoaldea HIEan Udalerriaren Plangintzako Arau subsidiarioak puntualki aldatzeko plangintzarako irizpide, helburu eta soluzio orokorra berretsi ziren PSE-EEren bozkekin.
EAJk eta Ezker Abertzaleak horren aurka bozkatu zuten. LOHP eta PPko ordezkariak aldiz, abstentzioaren alde.
Errekaldeko eremuan egingo den industrialdea eta honen bideen hobekuntzaren proiektuko lehenengo pausua da hau.

Mozioak

Hau guztiaz gain, EAJak aurkeztutako mozio bat aurrera atera zen: Gizarte Larrialdietarako Laguntasun gastuak eta laguntza eskuratu dezaketen pertsona kopurua murrizteko lan eta gizarte ekintza sailburuak emandako agindua kentzeko eta araudi hori EUDELen bitartez adostu dadila eskatuz.
EAJ eta LOHPko zinegotzien aldeko botoa eta beste guztien abstentzioa izan zuen.
Bestalde, Ezker Abertzaleko, Ezker Batuako eta Hamaika bat alderdietako zinegotziek batera aurkeztutako Lasarte-Oriako preso politikoen aldeko taldearen mozioa bertan behera geratu zen PSE-EE eta PPren bozkei esker.
Honetan, 25 urte kartzelan egin eta Parot dotrina ezarri zaien Lasarte-Oriako preso politikoen kaleratzearekin ados agertzea, Parot dotrina bertan behera uzteko eskaera egitea eta senideei elkartasuna adieraztea eskatzen zitzaion Udalari.

Udal langileei babesik ez

Era berean, urgentziazko mozio bat ere aztertu zen. LOHP eta Ezker Abertzaleko zinegotziek Udal langileen Komitearen eskakizunak eraman zituzten udalbatzarrera.
Izan ere, “Lasarte-Oriako enplegatuei inoiz ez zaie Udalhitz lan hitzarmena aplikatu bere osotasunean” adierazi zuen LOHPko zinegotziak.
PSE-EEren aurkako bozkak atzera bota zuen mozioa. EAJ abstenitu egin zen “krisi egoera honetan ezin delako konpromiso hori hartu”.
Honetaz gain, dirulaguntzak emateko araudia onetsi zen eta galdera eta eskaerak egon ziren. Puntu horiek asteleheneko Txintxarrin azalduko dira.