Abiadura Handiko Trena

inaki-erauskin 2011ko mai. 13a, 02:00

Duela gutxi zentzu handiko artikulua irakurri dut (Bartzelonako bi ekonomilarik idatzita) abiadura handiko trenari (AHT) buruz eta oso interesgarria denez jende askori bidali diot. Onartu behar dut gai honi buruz, ideia orokor batzuk salbu, gutxi nekiela eta ez nengoela "posizionatuta" (honek ziurrenik "lagunak" galtzea eragin dezake, baina tira ...). Hona hemen ideia nagusiak.
Espainia da, Txinaren ondoren, munduan AHTko kilometro gehien duen Estatua, baina erlatiboki lehenengoa. Lurralde-kohesioa bultzatu nahi izan du, baina, aldiz, finantza- eta gizarte-errentabilitateak negatiboak izan dira. Ingurumen-balantzea ere negatiboa izan daiteke trenbidea eraikitzeko sortu den kutsadura, eta tren berritu eta autobusarekiko duen efizientzia txikiagoa kontuan izanda. Hegazkinei trafiko asko "lapurtzen" dienean ere, kutsadura murrizteko oso modu garestia da. Erabilitako baliabideak ere kostu handia izan dute horiek erabil zitezkeen beste helburuak kontuan izanda. Gainera, gardentasun gehiago, eta datu zehatz gehiagoren beharra dago (beste baterako utziko dut Oriarako "metroa" eta 50 milioi euro).
Beno, besterik ez ... Ah, bai!!! Nor izango da hurrengo alkatea? Oker ez banago Pablo gure zutabekidea horretan dabil. Orain ulertzen dut zergatik "pikatu" zen nire galdera errepikakorrarekin duela aste batzuk. Nire desioa: garai berri bat hastea. Herriak du orain hitza.