Hauteskundeetako kanpaina hasi da eta egun hauetan alderdi desberdinetako furgonetak ikusi eta entzun izan ditugu gure herrian.
Honetaz gain, hauteskunde ekitaldiak egin dituzte alderdiek herritarren bozkak lortzeko.
Astelehenean EAJ-ko autobusa San Pedro eliza ondoko Elizatze plazan egon zen. Estitxu Alkorta hautagaiak, eta Markel Olano aldun nagusiak bere alderdiaren kezkak eta programa azaldu zituzten.
PSE-EE, EB eta Bildu alderdiak, berriz, asteazkenean jardun ziren.
PSE-EE alderdiko Jesus Zaballos eta Rodolfo Ares, besteak beste, merkatuan egon ziren arrosak banatzen. Arratsaldean, Sasoeta ikastetxean programa azaldu zuen Zaballos alkategaiak.
Rikardo Ortega eta Arantza Gonzalez EBko hautagaiak ere merkatuan ibili ziren haien programa azaltzen eta beranduago Michelin enpresako atera joan ziren.
Bildu alderdiko kideak ere merkatuan egon ziren goizean eta arratsaldean egoitza berria zabaldu zuten Kale Nagusian.
Bestalde, Udal hauteskundeetako erreportajeekin jarraituz, 4. eta 5. orrialdeetan, ekonomiari buruzko hautagaien iritzia irakurri daiteke.