Lasarte-Oriak gaur hasiko du herriartekoa

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 13a

Eskupilotako 44. Gipuzkoako herriarteko txapelketa duela bi aste hasi bazen ere, Lasarte-Oriak gaur emango dio hasiera Bidegoianen.
Gaur, 19:00etan, txapelketako final-laurdenetako joaneko partidak izango dira eta hurrengo astean, Lasarte-Orian jokatuko dira etorriko partidak.
Herriko taldeko arduradunek jakin arazi digutenez, kanporaketa berdindua dago.
Honetaz gain, gaur Bidegoianen lehiatuko diren bikoteen izenak ere aurreratu dizkigute.
Honela, kadete mailan, Axier Arteaga eta Ander Rekondo izango dira; jubeniletan, berriz, Unai Urruzola eta Beñat Telleria eta hirugarren partidan, seniorretan, Aitor Aranburu eta Mikel Elola.
Antolatzaileek azaldu digutenez, “jubeniletako bikotea oraindik kadete mailako da. Partehartzeko erabakia hartu dute taldea osatzeko. Izan ditzaketen emaitzengatik ere, eskertzekoa da egingo duten esfortzua”.

Pala Finala

Bestalde, Ostadar K.F.-k antolatzen duen Gomazko pilotako pala txapelketako finala jokatuko da bihar Michelingo pilotalekuan.
Aurten gainera, txapeldun berriak izango dira txapelketan. Oskar Lazkano eta Iñigo Arluziaga bikotea zazpi urtez nagusi izan arren, aurten ez dira txapelketako azken fasera iritsi.
Gauzak honela, final handian, 17:30ean, Bernaitz Odriozola eta Santi Martin eta Jon Begiristain eta Xabier Etxezarreta bikoteen arteko lehia ikusiko da.
Aurretik, 16:30ak aldera, txapelketako 3. eta 4. postuak erabakiko dituen norgehiagoka dago. Honetan, Iñaki Lizaso eta Joserra Alzibarrek Josu Iparragirre eta Koldo Rozas izango dituzte aurrez aurre.
Ostadarreko antolatzaileek herriko pala zaletuei deialdia egiten diete txapelketako azken partidak ikustera.