Diru laguntzen araudia eta zinegotzien agurrak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 16a

Azkenik, Udalbatzarrak Diru laguntzak emateko ordenantza onetsi zuen ostegunean. PSE-EEren botoak izan zituen bakarrik araudi berri honek.
Izan ere, LOHP eta ezker abertzaleko zinegotziak aurka agertu ziren eta haien mintzaldietan argi utzi zuten.
Ezker abertzaleko zinegotziek araudia hanka motz dagoela salatu zuten. Erizpide tekniko gehiegi dagoela eta zehaztapenak falta direla, esate baterako, "nork erabakitzen du jarduera bat herriarentzat garrantzitsua dela?".
LOHPko zinegotziak azpimarratu zuen, "araudi honek ez diela Udalak dituen arazoei irtenbidea ematen", ez baititu taldeentzako puntu garrantzitsuak direnak argitzen.
Eta biak araudi hau izaera orokorrekoa izatea salatu zuten. Izan ere, oinarri orokorrak ezartzen ditu araudiak, baina orain sail bakoitzak eranskin bat egingo du.
Bestalde, Iñaki Mujikak azpimarratu zuenez, ordenantza hau osatzeko prozesua oso parte-hartzailea izan zen, "udal teknikari guztiek parte hartu dute beren esperientzia gehituz".

Galderak eta eskaerak

Andre Joakina haurtzaindegia, Atsobakar zaharren egoitza eta jangelaren negoziaketen egoera eta azken honen sukaldearen erabilerari buruz galdetu zuen ezker abertzaleak.
Alkateak Andre Joakinari dagokionez, Udala Partzuergoarekin bileretan dagoela eta bertako pertsonala mantentzen saiatuko dela jakin arazi zuen.
Atsobakar egoitzako erantzukizuna Foru Aldundiak hartu behar duela eta gutunei erantzuten ez dietenez, Udala abokatuekin harremanetan jarri dela eta denuntzia jarriko zaiela aipatu zuen ere alkateak.
Eta azkenik jangelarekin arazoak egon direla aitortu zuen, Hezkuntza delegaritzako arkitekto batek ez zuelako jangelako eraikuntza egokia ikusten. Baina beste bat bidaliko dutela eta egokitzeko lanak egingo direla jakin arazi zuen, baita bertako sukaldea erabiliko dela ere.

Agurrak

Honetaz gain, ezker abertzalearen izenean Txanpi Baztarriak lau urte hauetan "lanera gentozela eta lan egin dugula" adierazi zuen. Udalak aldaketa behar duela eta 25. urteurreneko ospakizunetako herritarren parte hartzeak aurrera jarraitu behar duela azpimarartu zuen, "herriak partehartzailea izan behar baitu".
Horren ostean, nahiz eta azken udalbatzarrerako utzi nahi, alkateak legealdi honetan zinegotzi izateari utziko dietenei hitza eman zien.
Honela, Ana Urchueguia alkate-ohiak gogora ekarri zituen gure artean ez dauden alderdi guztietako zinegotziak eta eskerrak eman zizkien herriaren alde lan egin duten Udaleko langileei.
Ione Altunak ere eskerrak eman zizkien kultura eta hezkuntza sailean berarekin lan egin duten teknikariei.

Zuzenketa

Aurreko zenbakian 3. orrialdean Teresategi Hegoaldea eremua Errekaldeko industrialdeari zegokiola azaldu bagenuen ere, okerreko informazioa eskaini genuen. Teresategi Hegoaldea eremua Teresategi inguruan doan industrialdeari dagokion proiektuaren lehenengo pausua da osteguneko Udalbatzarrean eman zena.