Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nazioarte mailan garrantzi handiko festibala da Donostiako Zinemaldia. Zine zuzendari, aktore, aktoresa... pertsona ezagunez betetzen da Gipuzkoako hiriburua irailaren erdialdetik amaierara bitartean. Cannes eta Berlinaleren atzetik Zinemaldia dago festibal nagusienen artean. Eta Zinemaldia hurbiltzen ari dela adierazten diguten aurtengo kartelen sortzailea lasarteoriatarra da. Oscar Marine izan da azken lau urteotan kartelen egilea, baina aurten lehiaketa publikoa egin da eta Mara-Mara elkarteak irabazi du, Yoana Figuerasek egindako proposamenarekin. Hilabetean Horizontes Latinos, Zabaltegi eta Zinemaldiaren sekzio ofizialeko kartelak egin ditu. Lan gogorra baina aldi berean saria jaso duena.
Yoana Figueras duela 26 urte jaio zen Lasarte-Orian. Diseinu Grafikoa ikasi, jarduera horretan lan egiten hasi, duela bi urte Mara-Mara taldean sartu eta horretan dihardu, elkarte honetako Bi tanta sailean, diseinu lanetan murgilduta. Aurten Zinemaldiko kartelak egiteko lehiaketan parte hartu dute eta bere diseinua irabazle izan denez, bera izango da 2011. urteko Zinemaldiaren kartelen egilea.