Tirabirak Somotoko ikerketa batzordean

jon-altuna 2011ko maiatzaren 19a

Asteazkenean argitaratu zuen DV egunkariak Somotoko laguntzei buruzko Ikerketa Batzordeak ondorioztatu duela ez dela Ana Urchueguiaren jokabidean deliturik izan, batzorde honetako eta Lasarte-Oriako udaleko idazkari Xabier Ejearen txostenean oinarrituz. Oposizioko alderdiek asteazkenean bertan erantzun zuten elkarrekin, txostena funtsik gabea, partziala eta oso eskasa dela salatuz, ez dela egia esaten, informazioa ezkutatzen dela, ikerketak Udalaren hurrengo legealdian jarraituko duela eta oztopatzen bada, epaitegietara joko dutela jakinaraziz. Prentsari beraiei baino lehen berri eman zaiola eta hauteskunde garaian herritarrak engainatzeko amarrua izan dela ere salatu zuten.

Prentsan agertutako informazioa gezurtatu egin zuten Lasarte-Oriako Udaleko EAJ, Hamaikak Bat, Ezker Batua, Plataforma eta Ezker Abertzaleko zinegotziek asteazken arratsaldean Udaletxean denek elkarrekin emandako prentsaurrekoan. Ukatu egin zuten Somotora bideratutako diru laguntzen kasua amaitzear denik eta Ana Urchueguia aurreko alkatearen jokabidean delitu zantzurik ez dagoenik, beraz, argitaratu den informazio faltsua zuzentzeko ere eskatu zuten. Euren ustez, PSOE eta PPren iritzian oinarrituz batzordeko idazkariak egindako txostena partziala da, informazioa ezkutatzen du eta beraz ez da egia esaten.
“Urchueguiari buruzko batzordeak kooperazio laguntzetan deliturik ez dela ondorioztatu du” izenburuak haserretu du oposizioa, jakinik behin behineko txosten batez ari dela eta bertan aitortzen dela gainera legearekin bat ez datozen jokabideak izan zirela. Behin idazkariak bere txostena aurkeztu eta gero, hilaren 25era bitartean zuzenketak egiteko aukera dute alderdiek.
Oposizioko alderdiek bat egin zuten asteazkenean eta hurrengo hilabeteetan ikerketarekin jarraitzeko asmoa defenditu. EAJko Estitxu Alkortak aurreratu zuen, igandeko hauteskundeetatik ateratzen den Udal berriak heldu beharko diola ikerketari eta oztopatzen bada, bide judizialetik jarraituko duela.
Guztiek kritikatu zuten, kazetari bati batzordeko kideei baino lehenago bidali zaiola txostena eta lan hori batzordeko presidente Encinas PPko ordezkariak hartu zuela orain arte beti oharrak idazkariak bidaltzen baditu ere. Guztiek gogoratu eta kritikatu zuten gainera ikerketa batzordea sortu eta idazkari lanetarako Ejea proposatu zutenean, kontra agertu zirela kasuan parte zelako: “Orain denborak arrazoia eman digu idatzi duen txostena ikusita. PP eta PSOEren txostenetan oinarritu da soilik eta beste alderdiek aurkeztutakoak baztertu”.
Trikimailua
Ezker Batuko Ricardo Ortegak gogor salatu zuen DVren informazioan irakurleak engainatzeko asmoa zegoela, La comisión sobre Urchueguía concluye que no hubo delito en las ayudas a la cooperación izenburua jarriaz, jakitun izanik idazkariarena “informe preliminar” bat dela, PSOEren aginduz eta agian PPren ñabarduraren batekin idazkariak egindako zirriborro bat eta izenburuan ageri dena ez dela benetan ikerketa batzordearen egoera. Ezer ulertu ez dadin esaldi luze eta nahasiak erabiltzea leporatu zion egunkariari. Jokabide oso larri eta lotsagabea dela salatu zuen eta PSOE jo zuen arduraduntzat.
Plataformak salatu zuen, DVren izenburua iruzurtia dela, egunkariak ez duela informazioa egiaztatu, eta informazioaren "ustezko" ondorioak gezurrezkoak direla: "egiaren parte handi bat ezkutatzen da, esaterako ez ditu kontutan izan oposizioko alderdiek ikerketa batzordeari aurkeztutako hainbat froga”. Beraz formalki kexatuko dira, informazioa zuzentzeko eskatuz.
Ezker abertzalearen ustez larria da ikerketa batzordea bi urtetan lanean aritu ondoren EAJ, Plataforma, Ezker Batua eta Ezker Abertzaleak egindako adierazpen eta salaketa batere ez kontutan izatea eta kasua ezkutatzeko PSOE eta PPren arteko itunik dagoen galdetu zuen Txanpi Baztarrikak.
H1-eko ordezkariak salatu zuen, Ikerketa Batzordea hasieratik izan zela alferrikakoa, horregatik ez zuen bilera askotan parte hartu baina gauza batek kezkatzen duela: Lasarte-Oriako Udalak bi milioi euroko laguntza eman badu ere, arduradunek ez dutela garbi esan zertan erabili den dirua, Nikaraguako nekazarien oinarrizko beharrak ase diren, eta beraien etxeetan argi-indarra edo ura baduten.
Prentsaurrekoan egon zen herritar batek, ikerketa sakona eskatu zuen dirua zertan erabili den eta non dagoen jakiteko eta zergak ordaintzen ditugun herritarrona denez dirua ahalik eta azkarren itzuli dezatela eskatu zuen. •