Hauteskundeen azken txanpa

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 20a

Igandean izango dira Udala eta Batzar Nagusiak berritzeko hauteskundeak. Kanpainako azken txanpan sartu dira alderdiak, beraz.
Horregatik, aste honetan alderdi ezberdinetako hautagaiak gure herriko kaleetan zehar ikusi ditugu boto bila .
Astelehenean Martin Garitano, Gipuzkoako Batzarrerako Bilduko hautagai nagusia izan genuen herrian eta asteartean, herriko arlo desberdinetako pertsonen babesa duela adierazten duen argazkia atera zuten.
Asteazkenean, alderdi gehienak azokan egon ziren. Aralarreko Aintzane Ezenarro herriko hautagaia den Mayi Bengoetxearekin aritu zen programa politikoa zabaltzen. Hamaika Bateko Pello Gonzalez eta beste zenbait hautagai ikusteko parada ere egon zen. PSE-EEko Miguel Buen arrosak banatzen aritu zen eta EAJko kideak ere bertan egon ziren haien hauteskunde programa azaltzen.
Gaur kanpainari amaiera emateko eguna izango da alderdientzat. Bihar egun hauetan jasotako informazio guztiari buruzko hausnarketa egiteko garaia iritsiko da.
Eta igandean, herritarren botoekin hurrengo lau urtetan Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan aginduko dutenen izenak aukeratuko dira.
Hurrengo Txintxarri asteartean argitaratuko dugu, emaitza guztiekin eta alderdien balorazioarekin.
Hala ere, igande iluntzetik aurrera www.txintxarri.info web atarian jarraipena egingo diegu hauteskundeei.