Azkeneko 4 urte hauetan hondakinen errausketari buruz alderdi politikoek duten iritzia argi geratu da. Batzuek sutsuki babestu dute, ingurumen eta osasunean eragingo dituen kalteak eta ekonomiarako zer-nolako hipoteka ekarriko duen isilduz.
Beste batzuek, osasunaren, garapen jasangarriaren eta natur zein ekonomi baliabideen aurrezpenaren aldeko argudio ukaezinak kontuan hartuz, erabat gaitzetsi dute.
Lasarte-Orian ere gauza bera gertatu da. Hemen, hurbiltasun arrazoiak direla eta, aldeko iritzi batzuk anbiguoago azaldu behar izan baldin badute ere, jarrerak argi geratu dira.
Batzuek errausketa planta ez dutela nahi esan badute ere, ez dute planta hori eraikitzea eragozte aldera ezertxo ere egin: gezurretan, manipulatzen ala disimuloan ibili dira.
PSE, PNV, H1 eta PPk egin duten moduan, gure herriaren alde lan egiten dutela esatea, beren partiduetako goi-karguek gure herria inork nahi ez dituen azpiegituren kokaleku bihurtzeko emandako aginduei men egiten dieten bitartean, primerako gezurra da.
Atez ateko gaikako bilketa bosgarren edukiontziaren bitartezkoa baino garestiagoa dela esatea gezurra da.
Lurperatutako edukiontziek gure kaleen garbitasuna eta gure baliabideen kontsumo arduratsuagoa eragiten dituztela esatea gezurra da.
Lasarte-Oriako herritarrak hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta berziklatzeko arduraz jokatzeko prest daudela baieztatzen dituzten iritzi-ikerlanak isilean gordetzea manipulatzea da.
Nazioartean eredugarri diren hurbileko herrietako esperientzien emaitzei buruzko gezurrak zabaltzen ibiltzea manipulatzea da.
Konpostaje planta batek osasunean eta ingurumenean eragiten dituen kalteak errausketa planta batek eragindakoen pare jartzea manipulatzea da.
Eta, azkenik, gure hondakinen zati ez aprobetsagarria minimizatuko luketen eta errausketa planta eraikitzea benetan eragotziko luketen atez ateko bilketa bezalako proposamenak eta proiektuak, nahiz eta esplizituki ez errefusatu, ez babestea disimuloan ibiltzea da.
Alkateak esan zigun hainbatek ez zutela nahi atez ateko bilketa Lasarte-Orian. Guk ordea, elkarte makina baten atxikimenduaz, hori ere beste manipulazio bat baino ez zela egiaztatu dugu.
Hondakinak erraustea ala modu jasangarrian kudeatzea oraindik ere gure esku dago.
Errausketaren aldekoei botorik ez! Errausleak eta konplizeak alde udaletxetik!
Lasarte-Oria Bizirik