Lasarte-Oriak ez du herriartekoan aurrera egiteko aukerarik

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 20a

Lehengo ostiralean hasi zuen Lasarte-Oriak herriarteko esku pilota txapelketa eta zorte txarra medio, 3 eta 0eko aurkako emaitzarekin itzuli ziren herrira pilotariak.
Taldeko arduradunek azaldu dutenez, “kadete mailako bikoak partida irabaziko zuela uste genuen eta honi esker, kanporaketan aurrera egingo genuela”.
Hala baina, usteak erdia ustel, Axier Arteaga eta Ander Rekondo osatutako Lasarte-Oriako bikoteak, ez zuen Bidegoianekoa garaitu. “Nahiz eta 4 eta 2 markagailuan aurre hartu, Ander Rekondok min hartu zuen eskuetako batean. Hortik aurrera, Bidegoianeko bikoteak atzelariari lan eginarazi zion eta partida 22 eta 5 amaitu zen,” adierazi dute.
Jubeniletako bikoteari dagokionez, Beñat Telleriak eta Unai Urruzolak 9 eta 22 galdu zuten.
Taldeko arduradunen ustez, “partida ona egin zuten. Kontuan izan behar da kadeteak direla eta haiena ez den maila batean lehiatu direla.”
Azkenik, senior mailan, zoritxarreko partida izan zuen Lasarte-Oriako bikoteak.
“Bi partida galdu ostean, maila honetan garaipena lortzea espero genuen. Kanporaketa horrela irekia geratuko zen,” aipatu dute.
Tamalez, markagailuan 9nako berdinketa zegoenean, Bidegoianeko atzelariari pilotak eskutik alde egin eta herriko atzelariari, Mikel Elolari begian eman zion. La Asunción klinikara eraman behar izan zuten eta bere lekua, Jon Peio Artetxek bete zuen.
Gauzak honela, Lasarte-Oriak bi aurrelarirekin jokatu behar izan zuen eta “nahiz eta ahaleginak egin, 22-14 amaitu zen partida,” azaldu dute.
Era honetara, 3 eta 0eko emaitzaren ostean Lasarte-Oriak txapelketan aurrera egiteko ia aukerarik ez duela onartu dute taldeko arduradunek.