Areto-futbol finalean Izkiña eta ISU Leihoak berriz aurrez aurre

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 20a

Larunbata honetan, arratsaldeko 15:30etik aurrera, Ostadar Kirol Fundazioak antolatzen duen areto-futbol XXVIII. txapelketa herrikoiari amaiera emango zaio kiroldegian.
Hiru final ezberdin eta partida berezia ikusteko aukera izango dute bihar arratsaldean kiroldegira hurbiltzen diren herritarrek.

Finala

Final handian, 18:00etatik aurrera, iazko finala ISU Leihoak eta Izkiña taldeen arteko norgehiagoka errepikatuko da.
Partida interesgarria eta gogorra ikusi ahalko da ziurrenik, ISUk txapela defendatu eta Izkiñak iazko emaitzari buelta eman nahiko baitio.

Kontsolazioa eta ligaxka

Honen aurretik, arratsaldeko lehenengo finala, 15:30ean, kontsolazio lehiaketakoa izango da. Honetan Obelix eta Illun taldeak egongo dira aurrez aurre.
Ordu bat beranduago, berriz, ligaxkako finala jokatuko dute Ilargi eta Ayete taldeek.

Sarituak eta partida berezia

Eta final handia baino lehen, Ostadarrek Auzolan eta Kirolari Onena sariak emango dizkiete San Pedro parrokia atontzen duten emakume taldeari eta Leire Zubizarretari.
Hala ere, saribanaketa honen aurretik partida berezia ikusiko da, txapelketan parte hartu duten jokalariek osatutako talde misto batek Jalgune elkarteko gazteen aurkakoa, hain zuzen ere.

Ordu bat gehiago gauean

Ostadar K. F.ko arduradunek jakin arazi nahi dute, herriko areto futboleko finalak direla eta, Udalak baimenduta, herriko tabernak gauez ordu bete gehiago irekita egongo direla.
Aukera ederra beraz, partehartzaile eta jarraitzaileak ondo pasatzeko.