Carbayeda Gipuzkoako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 21a

Buruntzazpi Txirrindularitza Eskolako jubenil, infantil eta alebin mailetako txirrindulariek aste hauetan errepideko Gipuzkoako Txapelketetan lehiatu dira eta, oro har, emaitza onak eskuratu dituzte.
Lehengo larunbatean, maiatzaren 14ean, Seguran, Luken Carbayeda Urruzolak alebin mailako Gipuzkoako txapelketa eskuratu zuen.
Segurako garaipena Bazpi eskolako gaztetxoak egin duen denboraldi paregabeari amaiera emateko era ezin hobea izan da.
Izan ere, parte hartu duen hamar lasterketetatik zortzi irabazi ditu, batean bigarren egin du eta bestean, erori eta ezin izan zuen postu onik lortu.

Hirugarren jubeniletan

Era berean, igandean, maiatzaren 15ean Mutrikun jubenilen txapelketa jokatu zen.
Honetan, Buruntzazpi txirrindularitza eskolako Xabier Bengoetxeak hirugarren postua eskuratu zuen.
Lasterketa buruan joan zen Bazpiko txirrindularia lasterketa osoan.
Hala baina, esprinta iristerakoan, Mikel Aristi eta Asier Unanue azkarragoak izan eta 02:15:57 denborarekin brontzezko postua eskuratu zuen.
Xabierrek ere denboraldi ona egin du. Esate baterako, aurreko astean Seguran garaipena lortu zuen Santa Krutz proban, bigarrenari 50 segundoko errenta aterata.

Hurrengo txapelketak

Asteburuetako sari eta probetaz gain, Bazpiko kadeteek ekaineko lehen astean Gipuzkoako errepideko txapelketa eta uztailean, erlojupekoa dute eta jubeniletan, bestalde, ekainaren 1an izango da Gipuzkoako erlojupeko proba.