Izkiñak irabazi du Areto Futboleko finala

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 24a

Finala oso berdindua eta oso borrokatua izan zen. Paco Jandula epaile federatuak, partidari hasiera eman zionean, irabazteko gogoz atera ziren bi taldeak. ISUk iazko garaipena errepikatu nahi zuen, eta Izkiñak berriz, garaipena Urtzi taldekideari eskaini nahi zion.
Lehenengo zatian Asier Rubiok sartutako golak eman zion garaipena Izkiñari.
Final handiaren aurretik kontsolazioko finala eta ligillako finala ere jokatu ziren.
Kontsolazioko partida Obelix taldeak irabazi zuen. Lau gol sartu zizkion Illun F.C.ri, honek berriz ez zuen lortu beste taldeko atean golik sartzea.
Ligillako finala berriz, C.D. Aiete taldeak irabazi zuen. Aietek hiru gol sartu zizkion Ilargi tabernari, hauek berriz bi gol sartzea lortu zuten.
Ondoren, ligillako partida amaitu zenean, Jalgune taldeko kideak eta Talde Mistoak partida jokatu zuten. Izan ere, aurten Jalgunek 20 urte beteko ditu eta 20 urte, 11 bertute ekimenen barruan, partida jokatu eta ederki gozatu zuten guztiek.

Kirolari onenaren saria

Final handiaren aurretik, urtero bezala Ostadarrek bi sari banatu zituen. Lehenengoa Leire Zubizarreta judokak jaso zuen. 2006tik tatamiaren kiroleko maila gorenean ari da lehiatzen Leire. Honako sariak lortu ditu besteak beste: Espainiako txapelduna borroka libre olinpikoan, Euskadiko txapelduna borrokan, Gipuzkoa eta Euskadiko judoko txapelduna eta Euskadiko Samboko txapeldunordea.

Auzolan saria

Aurtengoan emakume talde bati eman dio Ostadarrek Auzolan saria, eliza atontzen duten emakume taldeari. Garaia iristen denean prest aurkitzen da guztia, ezkontzetan, bataioetan, jaunartzetan... Emakume talde honek beraien denbora librea eskaintzen diote parrokiari, garbitzen, txukuntzen, loreak jartzen, alfonbrak...
Horregatik saritu nahi izan dute talde hau, modu anonimoan eta irabazi asmorik gabe egiten duten lan guztia errekonozitzeko.