Gpuntuan ondo ari dira bertsolari gazteak

jon-altuna 2011ko maiatzaren 24a

Gpuntua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen fasean parte hartzen ari dira Ttakuneko bertso eskolako ordezkariak. Lehen fasean bi aldiz kantatu behar du bertsolari bakoitzak, eta lehen itzulia amaitu denean gazteak dira momentuz puntu gehiena pilatu eta final zortzirenetan izateko aukera gehien dituztenak.

Arratsaldez kantatu dutenen artean, Beñat Lizaso da lehenengoa, 11 bertsotan (8 bertso eta sei kopla) 289 puntu eskuratuta.
Bertso Eskolakoen artean Asier Azpiroz da aurrenengoa, bosgarren 280,5 punturekin, Beñat Iguaran zortzigarrena da, 275 punturekin, Unai Gaztelumendi bederatzigarrena 273,5 punturekin eta 11.a Ane Labaka 272,5 punturekin. Lauak daude final zortzirenetara pasatzeko aukerarekin.
Zigor Iriondo atzerago geratu da, 24.a 255 punturekin eta oso saio ona egin beharko du datorren asteburuan aurrera egin nahi badu.
Arratsaldez, aritu direnek goizez kantatuko dute hurrengo bi asteburuetan eta alderantziz. Lehen itzulian, sei kopla eta zortzi bertso kantatu dituzte, binaka ofizioan hiru zortziko handian, beste hiru hamarreko txikian, eta beste bi, kartzelako gai bati bertsolariak aukeratutako doinu eta neurrian.
Goizez kantatu dutenek 13 bertso puntuagarri kantatu dituzte, binaka hiruna, zortziko haundian, zortziko txikian eta Iparragirreren doinuan, eta azkenik kartzelako lana, zortziko txikian puntuari erantzunez hiru bertso eta hitza emanda gehienez bost puntuko bertsoa.

Beste saio bana

Goizean aritu direnen artean Astigarragako Agin Rezola da puntu gehien pilatu dituena, 367, eta Andoni Otamendik aurrera egiteko aukerak ditu, 13. da 321 punturekin.
Dena den, irailean final zortzirenetan kantatu nahi badu, maiatzaren 28an Amezketan arratsaldeko 17:30etan orain arteko mailari eutsi beharko dio.
Egun eta toki berean, baina goizeko 11:30etan kantatuko du Beñat Iguaranek. Zigor Iriondo eta Unai Gaztelumendik ere 28an 11:30etan kantatuko dute, baina Usurbilgo Sutegi aretoan. Azkenik Ane Labaka eta Asier Azpirozek ekainaren 5ean igandean kantatuko dute Zumarraga-Urretxuko Zelai Arizti aretoan. Aipagarria da Unai Muñoa zuzenean sailkatua dagoela final zortzirenetarako.