Zubietako taldeak Koloretako mundua lana eskaini zuen.
Talde honen aurretik, Landaberri ikastolako LH1 mailako gaztetxoek Zuri beltzean obra eskaini zuten.
Antzerkia astean zehar
Hala baina, hauek ez dira ikusi ahalko diren saio bakarrak. Aurten 30 antzerki eta dantza talde dira jaialdi handi honetan Manuel Lekuona kultur etxeko taulatik pasako direnak eta horietako talde batzuentzat, Zubietakoaren antzera, estreinaldia izango da.
Astean zehar antzerki giroaz beteko da kultur etxeko aretoa egunero, 19:00etatik aurrera.
Dantza asteburuan
Larunbatean, berriz, herriko kaleetan izango dira Kukuka antzerki eta dantza eskolako ikasleak.
Desfile erraldoia egingo dute eta herriko kaleak musikaz eta kolorez beteko dituzte.
Igandean berriz, dantzako ikuskizunak egongo dira. Eguerdian, euskal dantza eta sorkuntzako taldeen lanaz gozatu ahalko da eta arratsaldean, berriz, dantza garaikideaz.
Bigarren astea
Eta astebeteko etenaren ostean, ekainaren 6tik 11ra herriko ikastetxeetako eta Añorgako Amasorrain ikastolako gaztetxoen lanak ikusteaz gain, Lasarte-Oriako eta Añorgako gazte eta helduen emanaldiez gozatu ahal izango da.
Aurten gainera, Kukukak herriko Jalgune elkarteko gazteei gonbita egin eta hauek ere parte hartuko dute edizio honetan, 20 urte hamaika bertute obrarekin.