Alebinen kirol sustapeneko azken saioa

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 25a

Udal Kirol zerbitzuak 2010-2011 ikasturtean Lasarte-Orian alebin mailako adinean dauden neska-mutilentzat garatzen duen kirola sustatzeko kanpaina amaierara iristen ari da.
Larunbatean, maiatzak 28, eguerdiko 12:00etatik aurrera Michelingo Kirol Gunearen Atletismoko Moduluan saio berezia garatuko da eta bertan parte hartzen dutenek ikasturtean zehar ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute. Jardueran parte hartuko dutenek kirola egiteko egoki jantzita joan behar dute aipatutako instalazioetara.
Saioan atletismoko zenbait proba egingo dira eta kirol materiala hala nola, bizikleta, patinak edo kometa, zozketatuko da kurtsoan zehar ekitaldietara maiztasunez joan diren parte-hartzaileen artean.