Garazi Gomez bigarren Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 26a

LOKE taldeko gimnastikako neskek eskolarteko eta federatuen txapelketan eta Udaberri txapelketan parte hartu zuten aurreko bi asteburuetan eta emaitza onak eskuratu ere bai gainera: bi ordezkari txapeldun orde izan baitziren txapelketa horietan.
Eskolarteko eta federatuen, txapelketan, maiatzaren 14an, jubenil eta kadete mailan lehiatu ziren LOKEko neskak, banakakoan, zein taldeka.
Jubenil mailan, Garazi Gomezek lan ona egin zuen uztaiarekin eta lehenengo postua eskuratu zuen. Tamalez, bigarren lanean, xingolarekin 5. izan zen eta horregatik, sailkapen orokorrean bigarren amaitu zuen.
Maila berean lehiatu zen Miren Aizpirik, zazpigarren postua lortu zuen bai uztai eta xingola lanetan, baita sailkapen orokorrean ere.
Kadete mailako gimnastak ere lehiatu ziren, bestalde, eta Aizpea Arroyo Gipuzkoako 9. izan zen. Bosgarren postua egin zuen sokarekin egindako lanean eta bederatzigarrena uztaiarekin.
Azkenik, kadete B mailako taldeak lurraldeko 7. postua eskuratu zuen.

Udaberri txapelketan

Bestalde, aurreko asteburuan Ordizian taldeen arteko lehiaren txanda izan zen. Ane, Alazne, Naroa, Enara, Elsa eta Ainarak osatutako infantil mailako taldeak Udaberriko txapelketako 2. postua eskuratu zuen, bost uztaiekin egindako lanarengatik.