Ausartu zaitez gidabaimena euskaraz ateratzera, uste baino errazagoa da!

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 27a

Askok uste dute gidabaimena euskaraz ateratzea zailagoa dela, baina hori ez da egia. Euskaraz zein gaztelaniaz dira hitz teknikoak zailak ulertzeko; gaiak berak baitu zailtasuna, ez da hizkuntza kontua. Buruntzaldeko Udaletako ordezkariek bildu dituzten emaitzek garbi utzi dute ez dela beldurrik izan behar azterketa euskaraz egiteko garaian. 2010ean gidabaimena ateratzeko eskolak euskaraz jaso eta azterketa euskaraz egin dutenenen artean, %70etik gora gainditu dute, beraz, gaztelerazko eta euskarazko azterketen datuak parekoak dira.

Semaforo berdea!! Gidabaimena euskaraz" ekimenean parte hartzen duten pertsonek gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera izango dute eta gainera, Buruntzaldeko Udalei esker, azterketa euskaraz egin eta gainditzen dutenen artean, zozketa egin (auto-eskola bakoitzeko sari bat) eta hamarrei matrikula baten diru-kopurua itzuliko zaie.

Buruntzaldeko edozein herritan atera daiteke gidabaimena euskaraz, guztira hamar auto eskolek parte hartzen dute kanpainan, eta bakoitzean gidabaimena euskaraz atera duen pertsona bati Udalek itzuli egingo die parte teorikoari dagokiona (matrikula bat, gehienez ere 400 euro izango dira).
Lasarte-Orian, hiru dira ekimenean parte hartzen duten auto-eskolak, Izarra, Lasarte eta Mugika, beraz hiru izango dira zozketan sarituak. Hauek azterketaren alde praktikoari dagokiona soilik ordainduko dute.
Auto eskolak iaztik prest daude zerbitzua euskaraz emateko. Buruntzaldeko Udalak, iaz bultzatu zuten lehen aldiz egitasmoa, eta parte hartu zuten auto-eskolei beharrezko zituzten bitartekoak lortzen lagundu zieten. Horrela, auto-eskolek badituzte ordenagailuetan erabiltzeko multimedia aplikazioak, liburuak eta beste euskarri guztiak, euskaraz. Beraz, informazioa euskaraz izanagatik ez da eragozpenik azterketa gainditzeko.

Gazteleraz bezain erraz

Egitasmoaren bultzatzaileek nabarmendu dute, euskaraz gazteleraz bezain erraz atera daitekeela gidabaimena, kontutan izanik, ikastolan D ereduan ikasi arren askok gidabaimena euskaraz ateratzeari uko egin diola.
Antolatzaileen ustez ez dago erabaki hori hartzeko arrazoirik, euskaraz zein gaztelaniaz, esate baterako, kotxeko hitz teknikoak zailak baitira ulertzeko. Azterketa teorikoaren zailtasuna berdina da euskaraz zein gaztelaniaz, 30 galdera dira eta hiru oker onartzen dira soilik, hau da, ez dago hiru galdera baino gehiagotan akatsa egiterik.
Dena den, estatistikei dagokionez, oso emaitza onak izan direla adierazi dute Buruntzaldeko Udaletako ordezkariek: 2010ean gidabaimena ateratzeko ikasketak euskaraz jaso eta azterketa ere euskaraz egin zutenen %72k gainditu zuen.
Laurden batek soilik errepikatu behar izan zuen eta aipagarri da, gaztelerazko eta euskarazko azterketen datuak parekoak direla, eskualdeko Udalek azpimarratu dutenez.

Gero eta zabalduago

Euskara gidabaimena ateratzeko prozesura eramateko egitasmo honen arrakasta jakina da, eta Jaurlaritzak erkidegoan zabaltzeko erabakia hartu du.
Debagoiena bailaran jaiotako proiektua jada beste eskualde batzuetara zabaldu da eta gehiago zabaltzeko asmoa dute.
Jaurlaritzak ahalegin berezia egingo du maiatza eta ekainean egitasmoa komunikabideen bidez zabaltzeko.
Interesatuek herriko auto-eskoletara jo beharko dute zuzenean eta han jasoko dute eman beharreko pausuen berri. Lasarte-Orian, Geltoki kaleko Izarra, Kale Nagusiko Lasarte eta Zumaburuko Mugica auto-eskoletan atera daiteke erraz gidabaimena euskaraz.
Saiatu zaitez eta egin ezazu proba behean dagoen euskarazko testa eginez, ikusiko duzu uste baino errazagoa dela! Gainera erantzunak ikus ditzakezu www.buruntzaldea.org helbidean. Animatu zaitez!