Beste urte batez, Zabaletako Jai Batzordeak egitarau zabala antolatu du ekainaren 5a, igandera bitartean. Baina, jaietako benetako protagonistak haurrak izango dira urtero bezala.
Egitaraua
Jaiak asteartean hasiko diren arren, Teresa Sorgina ostiral arratsaldera arte ez da jaitsiko. Aurten, gainera, auzoko trikitilarien hotsen konpainia izango du.
Aurretik, antzerkia, haurrentzako merienda eta Porrotx pailazoarekin txupinazoa edukiko dugu. Ostean, dantza garaikidearen emanaldi handia izango da, Xumela abesbatzako kideek euren ahotsez disfrutatzeko aukera eskainiko digute. Eta eguna amaitzeko, gauerdian Itzartu eta Ahuen musika taldeek kontzertua eskainiko dute.
Gozatzeko eguna
Larunbatean, Joxe Migel Aranzadiren oroimenezko eskoba eta mus txapelketak jokatuko dira eta toka txapelketa ere izango da.
Arratsaldean, “Irrien Lagunen” puzgarri festaz gozatuko dute gaztetxoenek eta 19:00ak aldera, “Hipo eta Tomax” pailazoen txanda izango da.
Gauean bertso saioa egongo da Ane Labaka, Uxue Alberdi, Andoni Otamendi eta Julio Sotoren eskutik. Gai jartzaile Unai Muñoa izango dugu.
Eta gauari amaiera ona emateko Gazte Rock Gauean Gaueko Itzalak, Eratu eta talde sorpresak joko dute.
Denak baserritarrez
Igandean, jaiei amaiera ona emateko goiz hasiko da eguna, diana eta auzo garbiketa txapelketarekin.
Ondoren Landaberri ikastolako taldeak dantza erakustaldia eskainiko du eta bestalde, ez dira igandean ohiko proba mistoa eta herri bazkaria faltako. Bazkaldu aurretik idi probak ikusteko aukera egongo da eta bazkalostean, erromeria eta haurrentzako herri kirolak antolatuko dituzte.
Eta herri kirolez gainezka ageri den egun honetan baserritarrez janzteko gomendioa luzatu dute antolatzaileek.
Festari amaiera emateko, Teresa sorgina agurtuko dute azken trakarekin.