Lasarte-Oriako ikastetxeen Eskola Kirolaren Eguneko proba eta ospakizunetan herriko haurrek hartu zuten parte. Eskola Kirolaren helburua neska mutilei kirol ezberdinak ezagutaraztea da eta kirol ugaritan aritzeko aukera izan zuten herriko txikiek.
Eguraldiak lagunduta, egun osoan, hainbat partida eta proba burutu ziren. Herri kiroletan sokatiran eta gizon proban aritu ziren, eta baita futbolean, atletismoan, saskibaloian eta errugbian goizez, eta arratsaldean, tenisean.
Goizeko 09:30etik eguerdiko 13:00ak arte eta arratsaldean, 16:00etatik aurrera Lasarte-Oriako 7 eta 12 urte bitarteko haurrek, hauen gurasoek eta kirolak bat egin zuten Michelingo kirol gunean burutu zen Eskola Kirolaren jaialdian.
Txikienek, aurre-benjamin mailakoek, Lehen Hezkuntzako lehen bi mailetakoek, ginkana erraldoia egin zuten pirataz mozorrotuta.
Benjamin eta alebin mailatan, aldiz, launa talde osatu eta herri kiroletan, sokatiran eta gizon proban, futbolean, atletismoan, saskibaloian eta errugbian,... kirol ugaritan aritzeko aukera izan zuten.
Goizeko ekintzei amaiera aproposa emateko, parte hartzaile guztien artean opariak banatu ziren eta "Begiralearen Bila" jokoan parte hartzeko aukera izan zuten haurrek. Joko honetan abilenek opari bereziak jaso zituzten begiraleak aurkitu eta gero.
Arratsaldean jarraitu zuen festak, 16:00etatik aurrera benjaminek tenisean aritzeko aukera izan baitzuten.
Laugarren aldiz antolatu dute Ttakun eta herriko ikastolek Eskola Kirolaren festa hau eta aurten ere argi ikusi zen larunbatean Michelinen kirola eginez, gozatu, lagun berriak egin eta ederki pasatzen dutela haurrek.