Behin taldea finkatuta, iazko abenduan, multimusikala jaialdian ekin zioten berriro jotzeari eta orain heldu da saria. Maiatzaren 6an Donostiako Nazaret eskolako rock txapelketako finalean nagusitu ziren.
Gazteen arteko lehiaketa
Iaztik, rock lehiaketa antolatzen du Nazaret Eskolak hasiberrientzat, eta 15-22 urte arteko gazteentzako sariketa honetan, lehenengo aldian jada finalera iritsi ziren lasarteoriatarrak. Aurten parte hartu duten 18 taldeen artean onenak izan dira Hilotz-ekoak epai mahaiaren iritziz eta musika tresnak erosteko 600 euroko saria irabazi dute.
Martxoan pasa zuten lehenengo kanporaketa eta maiatzaren 6ko finalean beste bost talderekin lehiatu eta lehen postua eskuratu zuten. Kontzertua bizi bizia izan zen hainbat ikusleren aurrean eta ez zen hor amaitu Hilotz taldekoen egun luzea, hain juxtu ostirale horretan Flor de Caña tabernan jo baitzuten gero Gaueko Itzalak taldearen disko berria aurkezteko kontzertuan.
Pozik eta gustura ari dira musika munduan, konforme daude urte eta erdian nahikoa martxa ona daramatelako, eta gainera bultzada txiki bat jaso dute saria irabazita.
Taldea sortu aurretik ingelesez kantatzeko asmoa zuten, horretan aritu ziren, Saints of Hell "infernuko sainduak" izenarekin. Garai hori ere garrantzitsua izan zen taldekideentzat: behin euskaraz kantatzen hastea erabaki zutenean aldatu zuten izena. "Ilbeltz" izenetik abiatu ziren eta denen artean "Hilotz" aukeratu zuten. Euskaldunak izanik musika ere euskaraz egingo zutela erabaki zuten eta aldaketa ekarri zien euskararen alde egin zuten apustuak.
Urte eta erdi jotzen
Taldearen ideia 2009 amaieran atera zen: Aitor, Mikel eta lehen hilabetetan taldeko beste gitarra-jolea izan zen Adrian elkartzen ziren abesti batzuek prestatzeko asmoarekin; gero Iker bateria jotzen hasi zenean gorpuztu zen ideia, beraz taldea 2009ko abenduan sortu zela esan daiteke. Orduan hasi ziren denak batera jotzen,... gerora pare bat hilabetean beraiekin ibili zen abeslariak eta lehen gitarristak utzi eta 2010eko azaroan sartu zen taldean Paulo Eizmendi. Taldea jada finkatuta dagoela diote.
Lehen kontzertuak gogoan dituzte: Lehendabizikoa 2010eko udaberrian eman zuten, hain juxtu, Nazaret Lanbide Hezkuntza eta Batxilergo Eskolan, hau da, jendaurreko aurkezpena aurten lehen saria irabazi duten tokian bertan egin zuten.
Beraz oroitzapen goxoak dituzte lehiaketa honetaz. Lehen aldi hartan, 15 minututan jo zuten eta lehen kontzertu serioagoa Donostiako Leize Gorria tabernan eman zuten udara aldera.
Gero jada Paulo Eizmendi taldean denetik, lehenengoa, Abend tabernan eskaini zuten iazko Multimusikala egitarauaren barruan. Lasarte-Orian zenbait aldiz jo dute, Obelix-en, Parapetosonic-en, Udalaren 25. urteurreneko kontzertuan Andatzan... baina ez dute jarraitzaileak aspertzeko beldurrik.
Duela bi larunbat Donostiako Guardetxean jo zuten, Euskal Metal Fest kontzertuan, Donostia aldeko bi talderekin, Alemaniako talde batekin eta Madrileko beste batekin.
Musika ezagutarazten
Ekainaren 25ean Zaragozako Kanpinean joko dute eta gustura joko lukete berriro herrian, sanpedrotan txosnetan esaterako: "jotzen den guztia ondo dago" diote, taldearen oihartzuna eta musika zabaltzeko. Uztaila eta abuztua artean kanpora doa Paulo gitarra jolea eta pentsatzen ari dira, agian kontzertuak ateratzen badira, Adrian aurreko gitarristak joko duela Pauloren ordez, hau kanpoan den bitartean.
9-10 abesti dauzkate proiektuan, eta udara bukaeran maketaren bat grabatzeko asmoa dute. Oraingoz, sei pieza prestatuak dituzte eta beraz kontzertuetan momentuz euren sei abesti horiek eta bizpahiru bertsio jotzen dituzte. Beste abestiak borobiltzen ari dira jende aurrean eskaintzeko. Orain dela gutxi arte, Parapetoan egon dira baina ez zeuden gustura eta lagun batzuei esker Donostian daukate lokala.
Musika heavy-a egiten dute eta honen barruan Trash egiten dutela esaten diete, baina taldekideek esan zigutenez, beste doinu eta estilo melodikoagoak edo gogorragoak ere sartzen dituzte: "Denetarik. Saiatzen gara gurea egiten".
Eman dituzten kontzertuen artean gogoangarriena, Mikel abeslariaren iritziz, Paulo taldean sartu eta Abend-en eman zutena da "aurretik lau hilabete jo gabe egon ondoren, jendea eszenariotik oso hurbil zen Abend-en eta izugarrizko adrenalina izan genuen, eta oso sentipen onak ere bai".
Talde ikusgarria
Ikusgarria da taldea zuzenean jotzen ikustea, oholtzan dena ematen duen taldea da, eszenaratze indartsua dute. "Zu ez bazara mugitzen jendea ere ez da mugituko. Gustatzen zaigu, eta eskertzen dugu, guk jotzen dugunean, ikusleak giroan eta kontzertuan murgiltzea. Ematen diguten dirua baino nahiago dugu jendeak ondo pasatzen badu, batez ere kontzertura joan den jende berria bada”.
Zaletu koadrila badute atzean, beti joaten diren ikastolako lagunak batetik eta taldea zein bere musika ezagutu eta kontzertuetara joaten direnak bestetik.
Kontzertuetan eskaintzen dituzten 6-8 kantetatik gehienetan heriotza ageri da "gai oso ezberdinetan, gerla, gaixotasunak,... baina herio hor dago beti".