“Etorkizun iluneko profesioa da gurea”

itxaso-moreno 2011ko mai. 30a, 02:00
Euskal Herria eta itsasoa lotuta egon dira beti. Itsasoaren munduarekiko lotura estua eta tradizio handia egon da beti gure herrian eta gutxitu bada ere, oraindik bada afiziorik. Euskaldunon izaera bera ere modu erabakiorrean moldatu du itsasoarekiko harreman horrek. Dena den, euskaldunok mendeetan zehar garatutako itsas ondare kultur eta tekniko hori ahazten joan da. Gure itsasoak eta ibaiak izan ziren garraiorako bide garrantzitsuenak. Egun, garraiobideak modernizatu eta hori guztia galdu egin da. Ontziolen paperak ere gutxira egin du, baina oraindik badira lan honetan dabiltzan arotzak. Hauetako batzuk Lasarte-Orian egiten dute lan hori, Juan Pablo eta Mikeldi Olabek hain zuzen ere.
Itsas arkitektura Ingalaterran ikasi eta gero, Juan Pablo Olabe donostiarrak Karibera egin zuen salto itsasontziak konpontzera eta eraikitzera. Bueltatu zenean, egitura mekanikoak egiten lan egin ondoren, 2004an, bere gogoko lanean aritzeko enpresa sortu zuen, Olabe Ontzitegia. Bertan Mikeldi Olabe bere anaiarekin batera txalupak zaharberritzen ditu eta noizean behin berriak sortu. Mundu honetan gehiago murgiltzeko Juan Pablorekin bildu ginen Oria Etorbidearen 8. zenbakian, 48. pabiloi-an duen lokalean.

Noiz murgildu zinen itsasontzi mundu honetan?
1995ean hasita Arkitektura nabala ikasi nuen Ingalaterran. Ondoren Karibera joan nintzen bertan itsasontziak konpondu eta eraikitzera, eta hona bueltatu nintzenean estruktura mekanikoen enpresa batean egon nintzen lanean, ez zitzaidan batere gustatzen eta beraz, 2004an nire Ontziola jarri nuen nire anaia Mikeldirekin batera.

Nolatan joan zinen Karibera?
Aipatu dudan bezala Ingalaterran ikasi nuen eta bertan ezagutu nuen beste ikasle baten aitak belaontzi zahar bat zeukan Kariben, 100 urteko belaontzi zaharra. Karrera amaitzean bere aitaren belaontzia konpontzera joateko proposatu zidan eta berarekin joan nintzen. Gero han, gauza baten ondoren beste batzuk etorri ziren.

Eta gero zergatik zure ontziola sortu?
Beti gustatu izan zait itsasoaren munduan, gainera Kariben hiru urte pasa nituen belaontzi klasiko batzuk konpontzen eta egurrezko katamaran bat diseinatzen eta eraikitzen.
Hona bueltatzerakoan gustukoa ez nuen lana egiten hasi nintzenez, gustukoa nuen profesioan aritzeko erabakia hartu eta zer moduz zihoan probatu nuen.

Zer egiten da ontziola batean?
Orain gehienbat egurrezko txalupak konpontzen ditugu; baten bat ere egin izan dugu, baina eraiki ditugun txalupa gehienak fibrazkoak izan dira. Txalupa txikiak zaharberritzen dihardugu egun gehienetan.

Nola iristen dira hona txalupak, eta nola ateratzen dira?
Nahiko egoera txarrean iristen dira hona. Pieza pila bat aldatu behar izaten dizkiegu. Jendeak txalupa hauei ez die beharrezko mantenua egiten. Askotan ia oso osorik berregin behar izaten da. Egun jendea ez dago mantenura ohituta, bizitza honetan gauza gehienek ez dute hau behar, apurtzen direnean berria erosten dugulako.

Zein prozesu jarraitzen da?
Hona iristen diren ontzien usteldutako egurrak kendu eta berritzen dira. Berritu edo partxeatu, baina gehienbat berritu egiten ditugu.
Egurra aldatu ondoren, kalafateatu egiten da. Egurraren artean soka batzuk sartzen dira gogor, eta ondoren orea ematen da. Honekin lortzen da uretan sartzerakoan eta egurra puztean, urarekin egurra handitzen da, junta guztiak estutzea, bestela ura sartuko litzateke. Eta honen guztiaren amaieran txalupa margotu egiten dugu.

Zein itsasontzi motak konpondu edo berritzen dituzue?
Gehienbat jendeak paseatzeko erabiltzen dituen ontzi horiek; txipiroi txalupak edota arraunekoak.
Orain dela bi urte bi arrantza-ontzi nahiko handi eta bi ibaiko txalupa errestauratu genituen Foru Aldundirako. Lehiaketa bat egon zen Ontzi-museoko txalupa batzuk zaharberritzeko eta guk irabazi genuenez, hemen egin ziren. Nahiko arraroa izan zen horrelako ontzi handiak hemen ikustea, nahiko xelebrea zen ontziolan izatea.

Esperientzia berezia ezta?
Bai, oso polita izan zen. Gainera lan horretan, museorako lana zenez, itsasontziak konpontzeaz gain, ikerketa egitea eskatzen zigun. Ezin ziren edozein modutara konpondu, txalupen teknika eta mantenua kontuan hartu beharra zegoen. Inoiz gero norbaitek ikertu behar baditu ondo bereiz zedin zein zen guk egindako lana eta zein jatorrizkoa. Kontu handiz desarmatu behar izan genuen gure konponketa etorkizun batean zein zen ulertzeko.

Urte asko daramazu lanbide honetan, aldatu al da teknika?
Bai. Jende askok orain kola sintetikoak sartzen ditu, gu ere pixkanaka erabiltzen hasi gara. Iltzeen aldetik ere aldaketa eman da.
Txalupak iltzez beteak daude eta burdinezkoak direnez herdoildu egiten dira, beraz orain guk herdoiltzen ez direnak sartzen ditugu denbora gehiago iraun dezaten.
Txalupa hauek oso gaizki iristen dira gurera, egurra oso ukituarekin. Beraz, ia berriketa lana egin beharra dago.

Berritze lanez gain txalupa berriak ere egiten dituzue, ez?
Bai, egin izan ditugu, baina ez gehiegi. Zuntzeko batel gutxi batzuk egin ditugu, baina egurrezko berri oso gutxi, eta gehienak enkarguz. Egurrezko txalupetan gehienbat konponketak egiten ditugu.

Zerk ematen du lan gehiago, berritzeak edo eraikitzeak?
Lan gehiago? Zahar berritzeak. Ezer ezerezetik sortu behar ez bada, konpondu beharrekoa zati bat izanik ere lan konplikatuagoa eragiten du. Berria egitea askoz garbiagoa eta errazagoa da.
Konpondu beharreko txalupa baino handiagoa bada ere eraiki behar denak lan errazagoa eskatzen dizu, sinpleagoa.

Zenbat denbora eramaten dizue honelako konponketa batek?
Bi edo hiru aste egoten gara txalupa batean lanean, astelehenetik ostiralera bitartean. Baina orokorrean nik uste bi aste direla, konponketa bitartean beste gauza batzuk ere egiten ditugulako.

Zein da orain arte egin duzuen lan bereziena?
Aldundirako egin genituen errestaurazio horiek. Itsasontzi handienak, Germancho 12 metro zituen ia-ia eta arrantza-ontzi bat zen. Juan María itsasontzia ere arrantza-ontzia zen eta 9 metro inguru zituen. Honetaz gain, bi ala zahar berritu genituen, lehen ibaian ibiltzeko erabiltzen ziren txalupa karratuak. Ala hauetako bat Hondarribikoa zen eta bestea Donostialdekoa.

Txalupen munduan eboluziorik eman al da?
Bai, lehen egurrezkoak ziren, oraindik badaude, baina jendeak orain gehienbat zuntzezkoak nahi ditu.
Hala ere Gipuzkoan txalupak izateko arazo bat ikusten dut: gordetzeko lekua falta da. Gero eta gehiago badaude ere, oraindik gutxi dira.

Ze abantaila dute zuntzezko txalupak jendearentzat?
Mantenu oso gutxi behar duela egurrezkoarekin konparatuta. Zuntzezkoa ez da usteltzen eta egungo gizartearen moldera egina dago, ez du mantenurik behar.
Urte asko igaro daitezke konponketa behar duen arte. Pintura galdu egiten du, itsusten doa, baina inporta ez bazaigu ez dago arazorik, horrek ez du txaluparen egoeran eragiten, estetikan bakarrik.

Egurrezko txalupak aldiz konponketa gehiago behar ditu.
Bai. Adibidez orain konpontzen ari garen txalupa 80ko hamarkadakoa da, ia 30 urte ditu eta nahiko desastre dago. Orain arte ez diote inolako mantenurik egin.
Berez, egurrezko txalupa bat urtero margotu beharko litzateke eta noizean behin gaizki dauden egurrak aldatu. Gauza horiek egun jendeak ez dizkie egiten, horrek lana ematen duelako.
Orain dela gutxi egurrezko txalupen zale bati hurrengoa entzun nion; egurrezko txalupa bat izateko bi gauzen zale izan behar duzu; alde batetik egurrezko txalupena eta bestetik, mantentze lanena. Hor dago koxka.

Nola dago ontziolen mundua?
Hemen gero eta gutxiago geratzen gara. Lehen Orion bazegoen beste bat baino utzi egin zuen, beste batzuk jubilazioaren bidea hartu dute eta inork ez du beraien lanarekin jarraitu.
Hemen inguruan beraz gu gara geratzen garen bakarrenetarikoak konponketa lanetan. Gero badago Albeola Pasaian baina hauek txalupa zaharren erreplikak egiten dituzte.

Hau guztiarekin nola ikusten duzu etorkizuna?
Oso flojo. Aurten behintzat oso makal doa, asko jaitsi da.

Krisiaren eraginez?
Ez dakit horrek eraginik izan duen. Berez guk egiten dugun lan hau ez da leku askotan egiten, baina aurten jaitsiera nabaria izan da.

Eta arotz moduan etorkizunik?
Ontziekin ibiltzen diren arotz gehienak profesio hau uzteko bidea hartu dute. Ofizio honetan ibiltzeko gustukoa izan behar duzu, sakrifikatua delako eta lan gutxi dagoelako. Guk ontzien zahar berritze eta eraikitze lanez gain beste lan batzuk egin behar ditugu, bestela honetaz bizi ahal izatea zaila da.
Oraindik itsasontziekin lan egiten duten arotzek beste lan batzuk egin behar dituzte aurrera atera ahal izateko.

Zure familian ba al zegoen aitzindaririk lanbide honetan?
Ez. Familian gainera ez da itsasoarekin maitasun berezirik egon, baina nire anaia eta biok aldiz itsasoarekiko sentimendu berezi horrekin atera gara.
Zaletasuna ez datorkigu inondik, baina gure ogibidea da eta gustuko dugu.