Kadete mailako nesken Ostadar taldea Gipuzkoako txapeldun izan da

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 30a

Añorga taldeari 2-1 irabazi eta Gipuzkoako Txapeldun berriak dira kadete mailako Ostadarreko neskak. Andoainen larunbatean goizeko 11etan jokatu zuten partidua ez zen erraza izan Aitor Hernando entrenatzaileak adierazi zigunez.
1-0 aurreratu ziren Añorgakoak lehen zatian, baina atsedenaldiko hausnarketaren ondoren norgehiagokari buelta ematea lortu zuten. Myriam Infantek sartu zuen berdinketaren gola eta bigarrena Añorgako jokalari batek bere atean.
Beraien ligaxka irabazi zuten Ostadarreko neskek eta bigarren fasean ere eurak nagusitu dira. Larunbatean elkarteko afaria egin zuten eta oso pozik ospatu zuten lortutako garaipena.