Denboraldi nahiko ona egin eta gero, azkenean Erregional maila Gorenean jokatzen duen Ostadarreko taldeak hirugarren amaitu du larunbatean Mutrikuko taldeari 5-1 irabazi eta gero.
Erraz nagusitu ziren Joxe Beldarrainen mutilak: Mutrikun bina egin zuten 2-0 irabazten joan eta gero, eta larunbat arratsaldeko 17:00etatik aurrera Michelinen hirugarren postuaren lehia borobildu zuten lasarteoriarrentzat 5-1 irabazita.
Gipuzkoako Gorengo ligaxka honetan bi lehenengoak ohorezko mailara igoko dira eta hirugarrena, Ostadar alegia, beste emaitza batzuen zain dago. Igo egingo da mailaz hirugarren mailan diren Gipuzkoako talderen batzuek bigarren B mailara igotzen baldin badira, eta hori ez da gutxi gorabehera sanpedroak arte jakingo.
Igo ala ez Joxe Beldarrain entrenadorea pozik dago emaitzekin, kontuan izanik, duela bi urte igo zirela Gorengo Maila honetara eta normalena ez jaisteko borrokan ibiltzen bada ere, bi urteetan igotzeko postuetan ibili dira.
Talde oso gaztea osatu dute, herrikoa eta oso sendoa, baina Beldarrainen ustez ez dute suerterik izan lesioekin, min hartuta ibili dira jokalari asko eta astero hamar bat lagun soilik elkartu da entrenamenduetan. Bere ustez zelaia gastatu xamar dago eta horren ondorio dira lesioak. Ilusioa galduta bukatu du denboraldia eta hurrengo urtean txikiak entrenatzea erabaki du.