Larunbateko bigarren eskuko azokarekin hasiko da Aste Berdea

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 30a

Lasarte-Oriako Udalak, ekainaren 4 eta 9a bitartean, Aste berdea 2011 antolatu du. Aste berezi honen helburu nagusia herritarrak kontzientziatzea da, ardurazko kontsumoa sustatuz hondakin gutxiago sortzea, hain zuzen ere.
Horretarako ekintza desberdinak antolatu dira aste horretan: bigarren eskuko azoka, hitzaldia eta sukaldaritza ikastaroak.

Bigarren eskuko azoka

Gure etxeetan erabiltzen ez ditugun objektu ugari ditugu eta pilatzen joaten dira. Botatzeak pena ematen digu. Lasarte-Oriako Udalak objektu horiei guztiei bizi berri bat ematea proposatzen dizu.
Horretarako ekainaren 4an, Brigitarren plazan bigarren eskuko merkatua antolatu du goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara.
Proiektu hau behar ez ditugun objektu horiei bizia luzatu eta berrerabilpena bultzatzea helburuarekin sortu da.
Egoera onean dagoen edozer gauza saldu, trukatu edo oparitzeko aukera egongo da bigarren eskuko merkatu honetan. Liburuak, jostailuak, mahai-jolasak, arropa, dekorazioa, bizikletak, kirol-tresneria, haurtxoentzat gauzak, antigoalekoak... Erabiltzen ez dituzun objektu horiei bizitzen jarraitzeko aukera eman.
Ekimen honetan parte hartzea norbanakoa, elkartean, familian, lagun taldean, ikastetxe bezala... izan daiteke, animatu eta berrerabilpen esperientzia honen parte egin.
Antolakuntzak karpak eta mahaiak jarriko ditu jendeak ekartzen dituen gauzak non jartzeko tokia izan dezaten.
Parte hartzea irekia eta doakoa izango da, hala baina, aurretik izena eman beharko da salmenta-postua erreserbatu ahal izateko.
Interesa eta informazio gehiago nahi duenak 943 670 249 telefono zenbakira deitu behar du. merkatuak@artelatz.com postara mezua bidaliz ere informazio zabalagoa eskuratu ahal da eta izena emateko aukera ere badago.

Gordailu-salmenta

Merkatuan posturik jarri nahi ez baduzu baina etxean dituzun hainbat objektuei irteera eman nahi badiezu gordailu-salmenta sistema erabili dezakezu.
Honen bidez, gehienez etxean dituzun 10 objektu egunean bertan Brigitarren plazara eraman beharko dituzu goizeko 09:00ak eta 10:00ak bitartean eta antolakuntza-taldekoei eman, hauek saltzeaz arduratuko dira.
Arropa izan ezik, egoera onean dagoen edozer eraman ahalko da.

Hitzaldia eta sukaldaritza

Honetaz gain, ekainaren 7an, Eusko Jaurlaritzako kontsumo zuzendaritzak Kontsumo arduratsua hondakin gutxiago sortzeko eta dirua aurrezteko hitzaldia eskainiko du Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan, 19:00etatik aurrera.
Era berean, ekainaren 8 eta 9an, 19:00etatik aurrera, sukaldaritza ikastaroa egongo da. Hauetan, Juan Luis Eizmendi Goiegi jatetxeko sukaldariak asteazkenean euskaraz eta Lurra XXI jatetxeko Jose Ramon Garzarainek ostegunean gazteleraz janari hondakinekin egindako errezetak erakutsiko dituzte.
Sukaldaritza saio hauek Andatza plazan dagoen Udaberri elkartean egingo dira eta horregatik, hauetan parte hartzeko lekua mugatua izango da. Beraz, interesa eta informazio gehiago nahi duenak 943 670 249 telefono zenbakira deitu behar du.