Sorgin Dantza, San Pedro egunean

Txintxarri Aldizkaria 2011ko maiatzaren 30a

San Pedro jaiak hasteko hilabete besterik geratzen ez denez, herriko elkarte eta talde guztiak jaietako ekintzen antolakuntzan lanean dihardute eta datorren astean hasiko dira Sorgin Dantza prestatzeko elkartzen.
Oriako auzotarrek mantendu duten dantza berezi honek berrikuntza bat dakar aurten, jaietako egun nagusian, San Pedro egunean bertan eskainiko dela.
Beraz, bi zortzikoteak eta atzetik doazen herritarrek iaz bezala Oria auzotik kalejiran aterako dira, baina ibilbidea oraindik zehaztu gabe dago, herriaren erdiguneko lanak direla eta.

Entseguak

San Pedro egunean Oriatik dantzan atera nahi dutenak ekainaren 7tik aurrera daukaten dantza ikasteko eta trebatzeko aukera. Hitzorduak, Landaberri BHIko patioan izango dira astearte eta ostegunetan 20:00etan hasita.
Antolatzaileek adierazi duten komenigarria dela desfilean parte hartu nahi dutenak entseguetara joatea. Sorgin Dantza antolatzeaz arduratzen direnen iritziz, ondo dantzatzen dutenak ere joan beharko lukete prestaketa saioetara hasiberriekin batera.

Gaztetxoen zortzikotea

Aipagarria da era berean, aurten ere haurren zortzikotea aterako dela dantzan. Hau 1999, 2000 eta 2001. urtean jaiotako gaztetxoek osatuko dute.
Taldea osatzeko, Udalak adin horretako herriko gaztetxo guztiei ohar bat bidaliko die eta haurren zortzikotean parte hartu nahi dutenek kulturetxeko Gazte informazioko bulegoan, hirugarren solairuan eman beharko dute izena.