30_Bertsoaren bidez ahozkotasuna lantzen

jon-altuna 2011ko maiatzaren 30a

200 haur baino gehiagok parte hartu zuen aurreko astelehenean, urtero bezala kultur etxean, egin zen Ahozkotasunaren festan. Oholtzan taldeka kantatu zituzten bertsoak elkarrekin prestatu zituzten aurretik eskolan, gehienak umoretsuak izan ziren eta ederki pasa zuten kultur etxea leporaino bete zuten neska- mutil eta gurasoek. 2004tik Bertsolaritza eskoletan erakusten ari den Unai Muñoaren ustez Ahozkotasuna eta Bertsolaritzaren proiektua finkatuta dago eta ikasgeletatik herrira hedatzea da orain erronka.

Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri ikastoletan Unai Muñoa bertsolariarekin bertsolaritza ikasten ari diren neska-mutilak kantatu zuten astelehenean kultur etxean zazpigarren Ahozkotasunaren jaialdian.
Bertsolaritzaren bidez ahozkotasuna lantzea helburu duen egitasmoa erabat egonkortuta dago Muñoa irakaslearen ustez, zazpigarren urtez jarraian garatu baitu ekimena Lasarte-Oriako bi ikastetxeetan. "Dena den, Udalaren babesik gabe eta ikastetxearen konpromisorik gabe ezingo zen aurrera eraman proiektua" jakinarazi digu Unai Muñoak, bide batez Udalari eta ikastetxeei ematen duten laguntza horregatik eskerrak luzatuz.
Muñoaren ustez esperientzi oso positiboa da, "ikastetxeekin harreman sendoa sortu dugu eta pausoak ematen ari gara. Ikusi dugu emaitza onak lortzen direla eta bertsolaritzak beste eremu batzuetan ere laguntzen diela neska-mutilei, besteak beste, hitzekin euskaraz jolasten, irudimena erabiltzen, diskurtsoak antolatzen eta garatzen, besteari entzuten, jende aurrean kokatzen,...”
Lasarte-Orian 200 haur baino gehiago ari dira bertsolaritza lantzen, eta proiektuak duen garrantziaren erakusgarri dira Gipuzkoan 9.000 eta Euskal Herri osoan 17.000 ikasle ari direla Bertsolaritza eta Ahozkotasuna jorratzen.