Urtero moduan, udaberri zaporeko maiatza joan berri zaigu. Hilabete benetan bizia izan da hau, intentsitate handikoa, hasiera-hasieratik aldarrikapena izan baita nagusi: langileek ekin zioten lasterketari lehenik, lekuko gorriari helduta; ikasle eta gazteak iritsi ziren jarraian, hainbat hiritan sistema hierarkizatu ofiziala errepresenta zezakeen oro zalantzan jartzera; eta, hauteskundeak tartean, kolorez jositako hilabete berri baten aurrean gaude orain, aldaketaren bidean, esperoan.
Udaberria birsortze garaia da, neguan lotaratutakoak esnatu eta indarrak hartzekoa. Eta, hein batean, konparaketa polit bat plantea daitekela uste dut honen eta aurtengo maiatzaren artean: indar berriz esnatu baikara orokorrean, Sol-eko asanbladetatik hasi, eta aspaldiko partez bozka demokratikoki emateko aukera izan duenaren kasura arte.
Gogoz eta irribarrez hartu dugu aldarrikapenaren lekukoa. Emozioz. Alternatibak planteatzeko desiraz eta etorkizun berri bat ereiteko gogoz. Bideak anitzak dira gainera, nahiz ez beti denon gustokoak. Madril eta Bartzelonako asanbladek protestari ekiteko modu berri eta masibo bat ere badela erakutsi digute, pankarta atzean utzita; edo Bilboko Areatzan twitterreko mezu batek munduari megafono bateko oihu altuenak baino lehenago bira ematen diola ikasi genuen.
Esperientzia berritzaileen maiatza izan dugu hau, bada, 1968. urteko Paris hura gogoan. Udaberri usainduna, gainera, Pragak urte berean hartutako lore lurrin antzekoduna. Inposaketa ororen gainetik, inteligentzia baita beti garaile. Eta kantuak dioen moduan, bide ezberdinetatik abiatuta ere, elkargurutzean topatuko dugu elkar.