Lelo honen pean ospatu zen abiapuntu dugun Matxinsalto eguna Soraluzen. Gazte problematikari aurre egin, iraultzari buruz eztabaidatu eta gazteriaren kontzientzia kolektiboa berreskuratzea izanik helburu eta koherentzia, elkarlana eta autogestioa ardatz harturik Euskal Herriko gazte mugimenduaren topaleku izan zen ekintza ezberdinez beteriko egun hau.
Gazteok argi daukagu gaur egungo errealitatea ez dugula maite eta ondorioz sistema kapitalista patriarkar honen aurrean alternatibak sortzeko borondate osoa dugu.
Ez dugu nahi kontsumo hutsera bideratutako gazteria, lan prekarioduna, etxebizitza duinik gabekoa, emakumearen zapalkuntza sistematikoaren aurrean jarrera pasiboduna... Kalea berreskuratuko duen gazteria nahi dugu, berdintasunean biziko dena, ameslaria, konprometitua, borrokalaria, euskalduna...
Hau ordea ez da egun batetik bestera egiten eta herriz herri aurrera eraman beharreko borroka da. Lasarten ez dugu biltzeko espazio duinik, aisialdi mugatu eta telegidatua eskaintzen digute, erraustegi baten toxinak arnasarazi nahi dizkigute...
Horregatik, behar beharrezkoa dugu gazteok, kolektibo gisa, elkartu eta arazoei erantzun bateratu eta indartsuago bat ematea. Gazte mugimendua berpiztu eta koherentziaz, elkarlanetik eta autogestiotik lanari ekiteko garaia da.
Horretarako, ekainak 3, 10 eta 11ean Lasarteko gazte topaketak antolatu ditugu; gazte guztiak bildu eta denon artean aurrera egiteko.
Lasarte-Oriako Marasma Saretzen