Yoana Figueras duela 26 urte jaio zen Lasarte-Orian. Diseinu Grafikoa ikasi, jarduera horretan lan egiten hasi, duela bi urte Mara-Mara taldean sartu eta horretan dihardu, elkarte honetako Bi tanta sailean, diseinu lanetan murgilduta. Aurten Zinemaldiko kartelak egiteko lehiaketan parte hartu dute eta bere diseinua irabazle izan denez, bera izango da 2011. urteko Zinemaldiaren kartelen egilea.
Nolatan aurkeztu zinen Zinemaldiko kartel lehiaketara?
Guri normalean lehiaketa publikoetan parte hartzeko oinarriak iristen zaizkigu eta Zinemaldikoak iritsi zitzaizkigun. Hasieran erronka zaila iruditu zitzaigun. Horizontes Latinos, Zabaltegi eta Zinemaldiko kartelak egin behar ziren, lehiaketan parte hartzeko pack-a bidali behar zen. Normalean bakarrera aurkezten gara. Hiru irudi on bilatu behar genituen eta hiruak gustukoak izan behar ziren epai-mahaikideentzat.
Horizontes Latinos sekziotik hasi ginen: ideia asko gustatu zitzaigun, ondo geratu zen eta orduan animatu ginen beste bi sailetako kartelekin.
Zer proposatu duzue Horizontes Latinos atalerako?
Zine latindarra indartsu azaleratzen ari da orain, beraz, kontraste handiko irudia eman nahi genuen. Pertsona bat da, begirada sakonarekin, hodeietara begira... niretzat irudi gogor eta sendoa da, Horizontes Latinos sailean eskaintzen den zinema bezalakoa. Erabili ditugun koloreak oso esanguratsuak dira.
Ondoren Sekzio Ofizialekoa,... asko kosta al zitzaizuen?
Aukera asko izan genituen esku artean, baina azkenean lortu genuen guri gehien gustatu zitzaigun kartelak irabaztea gainera. Berez, atal bakoitzerako, kartel ezberdinak aurkeztu zitezkeen.
Maleta bat irudikatuz, zer sinbolizatu nahi izan duzu?
Nazioarteko festibala da, eta hitz horrek ekarri zidan maleta burura: Donostiako Zinemaldi internazional eta garrantzitsuak.
Bi gauza irudikatu nahi nituen. Batetik, zinema munduko jende ugari hurbiltzen dela, hau da, hona etortzeko egiten duten bidaia islatu nahi nuen. Jakina, euren maleta hartu eta Donostiara zineaz disfrutatzera datoz. Eta bestetik, irudimenezko bidai bat ere bai. Film bat ikusten dugunean gure bizitza ahaztu egiten dugu eta beste mundu batean, beste baten bidaian sartzen zara. Horregatik, maleta, bi bidai.
Azkenik, Zabaltegi sekzioa. Zer zenuen buruan kartela sortzerakoan?
Sortu dugun kartelean Igeldoren perfila bertikalean kokatu dugu. Igeldo zuzen jartzen baduzu, jende guztiak berdina ikusten du, baina bertikalki jarrita interpretazio ezberdinetarako parada ematen du. Leku konkretu bati buruzko ikuspuntu ezberdinak.
Kartel hau egiten denbora asko eman al zenuen?
Zabaltegik irudi nahiko zehatza izan du beti, ohikoa izan da Z-ren erabilera. Nik buelta bat eman eta kontent naiz emaitzarekin. Gainera hiru kartelak oso harrera ona izan dute eta horrek poztu egiten zaitu.
Nola hartu zenuen garaipenaren albistea?
Hunkituta jaso nuen albistea. Lankideei esaten nien nik oso sentsazio onak nituela.
Kartelak entregatzeko epea ostiral batean amaitzen zen eta astelehenean ematen zuten irabazlearen izena. Astelehenean urduri nengoen, ez zutelako deitzen, baina azkenean Jose Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendariak deitu eta irabazlea nintzela esan zidan.
Sari hau oso garrantzitsua da niretzako. Azken lau urtetan Oscar Marinek egin ditu kartelak. Artista ezaguna da eta berari erreleboa hartzea oso garrantzitsua da niretzat.
Lehenengo aldiz egin da lehiaketa publikoa, eta irabaztea ikaragarri izan da. Pertsonalki ilusio handia egin zidan. Gainera jakinda Bartzelonako, Madrilgo, eta atzerriko agentziak aurkezten zirela... azkenean Donostia ondoko batek irabazi du, lasarteoriatar batek.
Kontent nengoen bidalitako pack-arekin eta aukera handiak genituela uste nuen. Gainera sari honek oso publizitate ona egingo digu. 6.000 euro ere irabazi ditugu, baina publizitatea da onurarik handiena. Zinemaldia zine mailan festibal garrantzitsua da, nazioarte mailakoa gainera.
Mara-Maran ari zara lanean, noren izenean aurkeztu dituzue kartelak?
Nik Mara-Mara taldean egiten dut lan, eta horren barruan “Bi tanta” ataleko diseinu sailean. Kartelak nire izenean aurkeztu ditut, baina agentziako langile bezala.
Zenbat denbora daramazu Mara-Maran?
Bi urte eta lau hilabete bete dira jada gutxi gorabehera talde honetan sartu nintzenetik. Diseinu saila gerora sortu zen. Enpresaren irudia sortzeko sartu nintzen, irudia gustatzen hasi zen eta bezeroak etortzen. Eskaria zegoenez, diseinu departamentua sortzea erabaki zen eta horren barruan hasi nintzen lanean.
Zuk zer ikasi duzu?
Diseinu grafikoa ikasi nuen, bi urteko gradua. Praktikak egin nituen enpresa lau urte aritu nintzen lanean. Ondoren, Mara Mara sortu eta bertan hasi nintzen lanean. 26 urterekin, gauza garrantzitsu bat irabazi dut, ezin naiz kontentago egon.
Behin lehiaketa irabazita, orain gogor egin beharko duzu lan, ezta?
Erlojuaren kontra ari gara lanean, hornitzaileei egin behar diren aplikazio guztiak bidaltzeko. Garaiz gabiltza oraindik, baina ikusi beharko da. Banderatxoak, dossierrak, liburuak, argazkiak, benetakotze-agiriak, Kursaala... gauza asko ditugu esku artean, lan asko. Orain egin behar ditugun aplikazio gehienetan esperientzia dugu, beste proiektu batzuetan ere egin ditugulako, baina Kursaala atontzea berria izango dago. Hala ere pozik egiteko moduko lana izango da oraingoa ere.
Zinemaldiaz gain beste proiekturik ba al duzue esku artean?
Bi Tantan diseinuarekin zerikusia daukan guztia lantzen dugu. Une honetan enpresentzat web orrialdeak egiten ari gara, Aralarreko parke nazionaleko kartelak ere guk egingo ditugu, enpresen irudi korporatiboa ere lantzen dugu... Gutaz gehiago jakin nahi duenak, www.bitanta.com-en aurkitu gaitzake.
Beste saririk irabazi al duzue?
Iaz beste hiruzpalau lehiaketetara aurkeztu ginen eta horien artean Donostiako Euskal jaiei zegokiona irabazi genuen. Kirol patronatuaren egutegiak egiteko aukera ere guri eskaini ziguten.