Luken Carbayeda Urruzola lasarteoriatarrak, 12 urte baditu ere, etorkizun handiko txirrindularia izan daitekeela erakutsi du. Txirrindularitzan bi urte bakarrik daraman arren, maiatzaren 14an bere lehenengo titulu garrantzitsua eskuratu zuen, Gipuzkoako Txirrindularitza sariketan txapela eskuratu zuen alebin mailan.
Lehenik eta behin zorionak! Nola iritsi zinen Segurako finalera?
Sailkapen errondak egoten dira eta klasifikatzen bazara orduan finalera pasatzen zara. Sailkapen errondetan 80 txirrindularik parte hartu zuten eta hauetatik30 sailkatu ginen finalerako. Ni horien artean egotea pozgarria izan zen.
Zenbat kilometroko proba izan zen finalekoa?
Sei kilometro izan ziren gutxi gorabehera, normalean luzera horretakoak izaten dira alebinen kategoriarako prestatzen diren proba guztiak.
Hurrengo urtean Jubeniletara egingo dut salto eta orduan karrerak 6 kilometrokoak izatetik, 18 kilometro inguru izatera pasako dira. Hor jada nabaritzen hasiko naiz zailtasuna, aldapa gehiago ere badago. Hala ere, esan beharra dago gure kategorian ere karrera batzuetan badirela aldapak eta adibidez, Gipuzkoako txapelketan, aldapak baziren ere oso ondo aritu nintzen.
Nola ikusi duzu zure burua Gipuzkoako txapeldun egin zaituen karrera honetan?
Ondo ikusi dut. Banekien jende onak parte hartuko zuela baina hala ere esperantza pittin bat baneukan. Izan ere, nire zonaldean proba batzuk irabazi ditut eta horrek esperantza hori handitu egiten zidan.
Orduan, guztiz ez zenuen espero?
Ez, baina urtea aurrera joan ahala esperantzak handitzen joan ziren. Urte hasieran oso gutxi nituen, baina lehen aipatu dudan bezala karrerak irabazteak nire animoak handitu zituen. Banekien zaila izango zela, baina aurten tokatu da eta irabazi egin dut.
Zer sentitu zenuen helmugatik lehenengo pasa zinenean?
Zarata ikaragarria zegoen metaren inguruan hurbiltzen ari nintzenean. Ikusleak ikaragarri ari ziren animatzen, baina karreran zehar egindako ahaleginaren ondorioz, ez nintzen nire buruaren jabe, ez nintzen konturatzen. Kosta egin zitzaidan probako irabazlea ni nintzala sinestea. 30 parte hartzaileetatik, ni nintzen metan lehenengoa.
Hamar karreretatik, zortzi izan dira zuretzako...
Zortzi Gipuzkoako txapelketa irabazi nuenean. Orain jada beste bat korritu eta irabazle izan naiz. Ia karrera guztiak nireak izan dira.
Non mugitzen zara, non jokatzen dira karrera horiek?
Donostialdean antolatzen diren karreretan hartzen dut parte, Zumaian, Zarautzen...
Aldapak gustatzen zaizkizula komentatu duzu, non kokatzen duzu zure burua hobeto?
Oraindik ez dakit seguru. Orain zerbaitetan ondo ibiltzen bazara, ondo ibiltzen zara guztietan. Beraz, oraindik ez dut nire burua espezialitate batean kokatu.
Zertan gustatuko litzaizuke?
Esprintean ondo ibiltzen naiz eta asko gustatzen zait, beraz agian hor kokatuko nintzake.
Bazpi Txirrindulari eskolan zaude, noiz sartu zinen?
Nire aita eta lagun batek sortu zuten elkartea eta zaletasun hori sartu digu. Nire aita beti bizikletan ibili da, eta orain masajista da. Sortu zutenean nire anaia eta ni hasi ginen joaten, jada bizpahiru urte pasa dira eta oso gustura gaude.
Eta garaipen ugari lortu dituzu...
Ez. Lehenengo urtean ez nuen asko entrenatu, beranduago hasi nintzen beste diziplinatan eta errepideko txirrinduarekin probak egiten. Aurten, lehenago hasi naiz eta orduan ikusi ditut fruituak.
Noiz entrenatzen duzu?
Astean behin entrenatzen dut normalean, neguan agian bitan, baina ez da normalena. Eta saio bakoitza ordu betekoa izan ohi da.
Nahikoa txapeldun izateko?
Egia da beste txirrindulari askok astean bitan egiten dituztela saioak, eta bakoitza ordu eta erdikoa, baina nik honekin nahikoa daukat.
Zaletasuna aitarengatik duzu?
Bai, dudarik gabe. Gainera aitaren aldetik hiru izeba-osaba bizikletan ibilitakoak dira. Familia ia osoa bizikleta munduan dabil. Aita Euskaltel-Euskadin eta osaba-izebak masajista bezala RadioShack taldean.
Aholkuak ematen dizkizute?
Asko. Hasieran lasai egoteko esaten zidaten, erasoa ondoen non egin zitekeen, non erritmoa gutxitu... hala ere normalean nire kabuz hartzen ditut erabakiak.
Irabazi dituzun karreretatik zein izan da bereziena?
Gipuzkoako txapelketa dudarik gabe. Aurreko urtean 13. egin nuen eta jende ona ibiltzen zela ikusi. Eta aurten ni izan naiz garaile, pasada bat izan da. Jendearen berotasuna ere ikaragarria izan da.