Bertsolaritzaren bidez ahozkotasuna lantzea helburu duen egitasmoa erabat egonkortuta dago Muñoa irakaslearen ustez, zazpigarren urtez jarraian garatu baitu ekimena Lasarte-Oriako bi ikastetxeetan. "Dena den, Udalaren babesik gabe eta ikastetxearen konpromisorik gabe ezingo zen aurrera eraman proiektua" jakinarazi digu Unai Muñoak, bide batez Udalari eta ikastetxeei ematen duten laguntza horregatik eskerrak luzatuz.
Muñoaren ustez esperientzi oso positiboa da, "ikastetxeekin harreman sendoa sortu dugu eta pausoak ematen ari gara. Ikusi dugu emaitza onak lortzen direla eta bertsolaritzak beste eremu batzuetan ere laguntzen diela neska-mutilei, besteak beste, hitzekin euskaraz jolasten, irudimena erabiltzen, diskurtsoak antolatzen eta garatzen, besteari entzuten, jende aurrean kokatzen,...”
Lasarte-Orian 200 haur baino gehiago ari dira bertsolaritza lantzen, eta proiektuak duen garrantziaren erakusgarri dira Gipuzkoan 9.000 eta Euskal Herri osoan 17.000 ikasle ari direla Bertsolaritza eta Ahozkotasuna jorratzen.
Bertso Eskola berriak
Bestalde, beste bi puntu ere nabarmendu ditu Unai Muñoa irakasle eta proiektuaren herriko arduradunak. Batetik, azken hiru ikasturtetan egindako lanari esker, berriro Eskola orduz kanpoko Bertso Eskola sortu dela Lasarte-Orian, hau da, ikaslerik ez izatetik hiru talde osatzera pasa dira: 25-30 neska-mutil inguru ari dira ikastetxetako bertso eskolan eta aurten lehen aldiz lortu da DBH mailan talde bat izatea.
Datorren ikasturteari begira, bestalde, Landaberri eta Sasoeta ikastetxetako Bertso Eskola hauek mantentzeaz gain, erronka nagusia herri mailako Umeen Bertso Eskola sortzea izango da, “benetan bertsolaritzarekin tentatuta dauden ikasleak biltzeko asmoz” esan digu Muñoak.
Umorea nagusi jaialdian
Asteleheneko Ahozkotasunaren jaialdian, talde bakoitzak gai baten inguruko bertsoak prestatu zituen eta beste guztien aurrean 10 bat minutuko saioa egin. Kantatu zuten talde gehienak mozorrotu egin ziren, umorea izan zen nagusi emanaldi osoan zehar eta oro har bertsoaldi bikainak osatu zituzten.
Besteak beste, Xalbadorri egin zizkioten txistuak eta Jon Sarasuaren tongoa antzeztu zituzten, bertso jolas eta asmakizunak egin zituzten, eta haurrek beraien gustuko musika taldeen doinuekin egin zuten bertsotan, gustuko kantuei letrak aldatuz alegia.