Rocioko erromeria igandean

Txintxarri 2011ko ekainaren 3a

Semblante Andaluz elkarteak ia bi hamarkada daramatza Lasarte-Orian Rocioko erromeria antolatzen. Aurtengo edizioa igandean burutuko dute Atsobakarreko parkean, inguruko beste Andaluziako elkarteekin batera.
Urtero bezala festa egun hau, goizeko 11:30ean hasiko da, Arantzazuko Amaren parrokian egingo den Rocio mezarekin.
Hau bukatuta, Rocioko birjina hartuta herriko kaleetatik prozesioa egingo dute Atsobakarreko parkeko zelaietaraino. Bertan ekintza ugari egingo dituzte egun osoan zehar.

Tortilla goxoenaren bila

Aurten berrikuntza bat dakar jaialdiaren egitarauak: lehenengo patata tortilla lehiaketa antolatu dute, 13:30ean.
Bertan nahi duen orok parte hartzeko aukera izango du, etxean edo Semblante Andaluz elkartean egindako tortilla aurkeztuz.
Honetaz gain, 14:00ak aldera, ohorezko ardoa eskainiko zaie udal ordezkariei eta gonbidatutako elkarteetako lehendakariei.
Honen ostean, bakoitzak bere aldetik bazkaltzeko ordua izango da, eta 17:00etan elkartuko dira berriro, hainbat ekimenekin jaiari jarraipena emateko.

Dantza eta doinuak

Semblante Andaluzeko taldeek emanaldia eskainiko dute 17:00etan eta ondoren, 18:00etatik aurrera, sevillarrak dantzatzeko aukera izango da Rocioko musikarekin.
Patata tortilla lehiaketako irabazleen sari banaketa egingo da 20:00etan eta Rocioko Anaiartearen urdaiazpikoa zozketatu da ondoren.
Azkenik, herrira hurbilduko diren Andaluziako elkarte guztiei bisita egingo die Rocioko Amak eta gutxi gorabehera gaueko 21:00etan Lasarte-Orian urtero egin ohi den Rocioko erromeria eta jai egunari amaiera emango zaiola adierazi dute antolatzaileek.