Atzo gainera, Kukuka antzerki eta dantza eskolako gaztetxoen bisita izan zuten eta haien antzezlanak ikusi ahal izan ziren.
Sorginaren etorrera
Gaur, Teresa Sorgina etorriko da auzora jaiei hasiera emateko. Aurten, gainera, auzoko trikitilariak lagun izango ditu.
Baina sorgina iritsi aurretik ekintzak daude, antzerkia, haurrentzako merienda eta Porrotx pailazoarekin txupinazoa.
Honetaz gain, 22:00etan, Kukuka antzerki eta dantza eskolakoek dantza garaikideko emanaldia eskainiko dute eta jarraian, Xumela abesbatzako kideek euren ahotsez disfrutatzeko aukera eskainiko dute.
Eta eguna amaitzeko, gauerdian Itzartu eta Ahuen musika taldeek kontzertua eskainiko dute.
Gozatzeko eguna
Bihar Joxe Migel Aranzadiren oroimenezko eskoba eta mus txapelketak jokatuko dira eta toka txapelketa ere izango da.
Arratsaldean, puzgarriak izango dira eta 19:00ak aldera, “Hipo eta Tomax” pailazoen emanaldia.
Gauean, Ane Labakak, Uxue Alberdik, Andoni Otamendik eta Julio Sotok bertso saioa eskainiko dute. Gai jartzaile Unai Muñoa izango da.
Ostean, Gazte Rock Gaua izango da Gaueko Itzalak, Eratu eta talde sorpresa baten eskutik.
Denak baserritarrez
Igandea diana eta auzo garbiketa txapelketarekin hasiko da. Ez dira faltako ohiko bihurtu diren Landaberri ikastolako taldeen dantza erakustaldia, proba mistoa eta herri bazkaria.
Honetaz gain, bazkaldu aurretik idi probak ikusteko aukera egongo da eta bazkalostean, erromeria eta haurrentzako herri kirolak.
Egun honetan baserritarrez janzteko gomendioa luzatu dute antolatzaileek.
Azkenik, azken trakarekin,Teresa sorgina hurrengo urtera arte agurtuko da.