Udal batzar bereziak gaur aztertuko du Ana Urchueguia libratzen duen txostena

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ekainaren 6a

Lasarte-Oriako Udalean azken lau urteotan zinegotzi izan direnek azken aurreko batzarra egingo dute, gaur, goizeko 9:00etan, Somoton emandako diru-laguntzen ikerketari buruzko erabakia hartzeko. Ikerketa itxi egingo den ala ez erabakiko da gaurko batzar berezian.
Aurretik, Udaleko eta ikerketa batzordeko idazkari Xabier Ejeak egindako txostena eztabaidatuko da.
Idatzi honen arabera Ana Urchueguia alkate ohiaren jokabidean ez zen deliturik izan, legeak agintzen duenaren aurkako jokaerak egon zirela aitortu arren. Oposizioko alderdiek aldiz, kontrakoa uste dute, eta alkate ohiaren aurkako akusazio partikularra Udalak berak egin dezala eskatzen dute.
Somotora bideratu ziren diru laguntzetan irregulatasunik egon zen eta Ana Urchueguia alkate ohiaren gobernuak zuzen jokatu zuen jakiteko Udalean sortu zen ikerketa batzordea aurreko ostegunean bildu zen eta Xabier Ejea idazkariak egindako txostena onartu egin zuen PSE-EEk duen gehiengoari esker. PP abstenitu egin zen eta EAJ, Plataforma , Ezker Batua eta Ezker Abertzaleko zinegotziek kontrako botua eman zuten.

Oposizioaren zuzenketa

Alderdi hauek zuzenketa bat aurkeztu zuten elkarrekin, Ana Urchueguiaren jokabidean delitu zantzuak daudela uste baitute. Udalak alkate ohiaren aurkako akusazio partikularra erabili dezala eskatu zuten Ezker Abertzaleko, EAJko eta Plataformako ordezkariek emendakinean, baina proposamena ez zen onartu, noski, PSE-EEko aurkako botuekin.
Oposizioko alderdiek gogor kritikatu dute Xabier Ejea, txostena PSE eta PPren aginduei jarraituz egin duelako. Osteguneko bileran iritzi hori gezurtatu egin zuen idazkariak txostena ikerketan zehar jasotako frogetan oinarrituta egin duela adieraziz.
Dena den berriro aitortu zuen kooperazio laguntzak ematerakoan ez zela legeak agindutakoa bete, juridikoki existitzen ez diren entitateei emateari eta ondorengo kontrol eta ikuskatzeari dagokionez.
Aurreko legealdiko ordezkariek legez aukera dute lanean jarraitzeko zinegotzi eta alkate berriak izendatu arte.•