Porrotx eta Mari Motots lagunekin Etiopian

jon-altuna 2011ko ekainaren 6a

Porrotx eta Mari Motots, bi aste egon dira Etiopian, apirilaren18tik 30era, senide eta lagunekin, Angel Olaran Hernaniko misiolariak Wukro hirian dauzkan proiektuak ezagutzeko. 20 urtetan hainbat gauza jarri ditu martxan Aita Zurien lagunarteko misiolariak, besteak beste, Lanbide eta Nekazal Eskola, zaharrentzako jangela solidarioa, eta umezurtzei laguntzeko, arbolak landatzeko edota edateko ura etxeetara eramateko ahaleginak,...

Angel Olaran misiolaria, oso ezaguna da Etiopiako Wukro inguruan Abba Melaku izenarekin, hainbat ekimen bultzatu baititu azken 20 urteotan. Apirilean Porrotx eta Mari Motots-en bisita jaso zuen. Hauek hango lana ezagutzera joan ziren gero Euskal Herrian haur eta helduei ezagutarazteko. Eta han ibili ziren eskolak ezagutu, arbolak ureztatu eta haurrei magia egiten.
Senide eta lagunekin joan ziren Porrotx eta Mari Motots, guztira 14 lasarteoriatar, besteak beste, Edu Galardi, Isa Fz de Agirre eta euren alaba, Maider eta Ane, Jose Mari Agirretxerekin, Donetz Iradi, emaztea, Oihan eta Izar seme alabak, Juan Mari eta Josu Agirretxe anaiak, Mertxe Rodriguez, Biki Pozo,... Garai berean Wukron izan zen Iñaki Guridi euskal kazetaria ere eta erreportajeak egin zituen Euskal Irratirako eta Berria egunkarirako.


Gabonetan Etiopia Utopia taldeko kideak eta pailazoek topo egin zutenean sortu zen bidaia egiteko ideia. Horien bitartez Angel Olaran ezagutzeko aukera izan zuten pailazoek, eta emanaldi batera gonbidatu zuten. Hernaniko misiolariak, beste hainbat proiekturen artean, hortz klinika martxan jartzeko ideia darabil eta Wukron haurren irriak sendatuko dituen hortz klinika egiteko proiektu hori ezagutzera joan dira Porrotx eta Mari Motots pailazoak Etiopiara. Angel Olaranek borondate onenarekin Etiopian burutzen duten lana eta proiektu ezberdinak Euskal Herrian ezagutarazteko zenbait bideo grabatu zituzten pailazoek.
Etiopia Afrikako bigarren lurralde populatuena da, 80 bat milioi pertsona ingururekin, Nigeriaren atzetik eta Egiptoren pare. Wukro hiria, handi xamarra da, 30.000 biztanle ingurukoa, Mekele eta Adigrat hirien arteko errepidean. Kolonizatu ez zen Afrikako herrialde bakarra da Etiopia, eta badauzka bere berezitasunak arraza, (arabiar kutsua dute etiopiarrek Afrika beltzekoa baino; asko kristauak dira han, baina beste asko, musulmanak), edota hizkuntza aldetik (Etiopiako hizkuntza ofiziala amariña da, ingelesa txikitatik ikasten dute, baina beste 80 bat hizkuntza ba daude: Wukron tigriña edo Tigran-eko hizkuntza hitz egiten dute).
Aita Zurien Kongregazioko misiolari da Angel Olaran Etiopian. Aurreko mende erdialdean abiatu zen Tanzaniara 23 urterekin, 20 urte eman zituen bertan eta beste hainbeste Etiopian. Hain juxtu duela 20 urte Etiopiatik independentzia lortu zuen Eritreak baina bi aldeen arteko afera ez zen lasaitu eta garai zailak bizi zituzten duela hamar urte inguru, Eritrea eta Etiopiaren arteko gerra piztu zelako (1998-2000).
20 urteotan ekimen asko bultzatu ditu Angel Olaranek Wukron; proiektu oso zabala dauka martxan, batez ere, behar handiena dutenei laguntza eta hezkuntza emateko: ezer ez duten zaharrak garbitu eta elikatu egiten dituzte; bi mila umezurtzen ardura dauka misiolariak, (hauek senideen etxeetan bizi dira baina eskolak ematen dizkie eta egunero-egunero umezurtzen bat bizi den etxe batetara egiten du bisita Olaranek); lanbide eta nekazal eskola edota jangela solidarioa dauzkate, erleak zaintzen dituzte, baratza jarri, zuhaitzak landatu (20.000 20 urtean), edateko ura herrira eramateko edota nekazaritza-abeltzaintza bultzatzeko lanean dihardute,...
Isa Fernandez de Agirre eta Edu Galardi bikotea joan da pailazoen ibilerak grabatzeko. Fz. de Agirrek bizkarrean kamara hartu eta bizpahiru urte darama lanean Pirritx eta Porrotxekin. Hauen webguneari egunerokotasuna emateko, tarteka erreportajetxoak eta bideoak jartzen dituzte sarean azken urteotan, azkena Etiopiako abenturari buruzkoa.
Ez da Euskal Herritik kanpo pailazoek egin duten lehenengo elkartasun keinua, bidaia eta abentura zaleak direla ezin baita ukatu: besteak beste aurretik AEBtako Idahon, Nikaraguan, Kuban, Saharan, Katalunian eta Palestinan egon baitira Etiopiara joan etorriaren aurretik.
Etiopian grabatutakoa www.irrienlagunak.com-en ikusi daiteke, baina hemendik eraman zuten kamara profesionala erabiltzerik ez dute izan eta kalitate gutxiago ematen duen beste bat baizik. Kamerak erabiltzeko eta grabaketak egiteko baimenak eskuratu behar izaten dira. Edu Galardik kontatu digunez, “atzerapen edo oker baten ondorioz, guk ez geneukan uste bezala baimenik, eta aireportuan zazpi ordu eztabaidan pasa ondoren ez genuen sartzerik izan”. Addis Abebako aireportuan utzi behar izan zuten kamara.
Beraz hainbesteko kalitatea eta baliabiderik eskaintzen ez duen beste kamara batekin (badaezpada eraman zuten “etxekoarekin”) egin behar izan zuten grabaketa. Dena den Edu Galardik kontatu zigunez oso ondo atera ziren grabaketak.
Hainbat gauza grabatu zituzten, pailazoak Angel Olaran-en “lurraldera” nola iritsi ziren eta lurralde horretako egunerokotasunean: eskola txiki batean, aldatutako arbolak ureztatzen, hortz klinikan,... eta festa xume bat egin zutenean ere bai. Pailazoekin, beldurtu ez ziren beldurtzen haurrak baina seguru aski jakin minarengatik oso bortitzak ziren pailazoak ukitzerakoan. Hauei “banbula” deitzen zieten han, italiarrez panpina da banbula. Italiarrak egon ziren Etiopian, baina ez zuten aginterik hartu.
Hiru hegazkin hartu zituen taldeak Wukrora iristeko: Bartzelona-Estanbul-Addis Abeba-Mekele eta handik autobusez Wukrora, ia bi egun bidaian. Han ondo pentsatu behar da leku batetik bestera joateko, agian 200 kilometro egiteko bost ordutik gora behar direlako: “Gu behin 40 kilometrora zegoen toki batetara joan ginen eta ordu eta erdi pasa genuen bidean”.
Lasarteoriatarrek diote berriro ere joateko moduko lekuak ikusi dituztela, jende jatorra ezagutu dute eta lasai ibili dira. “Oro har ez da tristura askorik ikusten, gutxi batzuek soilik eskatzen dute dirua, eta umeak zoragarriak dira, eskutik heldu eta irribarrez joaten dira zure ondoan, jolasean”. Ez da toki turistikoa beraz normalean ez dute zuri asko ikusten, eta merkatu egunean taldetan banatu ziren zuri gehiegi batera ez ibiltzeagatik, baina ez dute eragozpenik izan.
Pobreziak eta ur gabeziak ukitu ditu gehiena. “Txirotasuna bertatik bertara egunerokotasunean ikusteak txunditu gaitu: egunero arropa berbera janzten dute batzuek hautsi arte. Wukron, Etiopia osoa zeharkatzen duen errepide nagusitik urrundu ahala, hiritik kanporantz joan ahala, pobreagoak dira. Bestalde, guk ez dugu ur gabeziarik, sekula ezagutu, eta han konturatu gara zer balioa duen. Uraren aprobetxamenduak inpresionatzen du”.
Lehor xamarra da Etiopia, Ekuatoretik gertu dagoelako, eta goizeko 7etatik buru gainean zuten eguzkia. Beraz astero astero hainbat lagun elkartu eta arbolak ureztatzen dituzte. Duela 20 urte arbola bakan batzuek zeuden Wukron eta urte hauetan 20.000 landatu dituzte. Pixkanaka belarra, zuhaitzak, eta zuhaixkak ateratzen ari dira eta garaipen handia da hori Olaran eta lagunentzat.
Wukroko herriarengatik asko egiten ari den pertsona da Olaran, bere bidea egiten ari da inori men egin gabe, eta gizon ausarta dela ez da dudarik. Lasarteoriatarrak han zeudela parapentean salto egin zuen Olaranek Leongo bikote batekin.

Txangoak

Aita Zurien Saint Mary egoitzako gelatan egiten zuten lo zakuetan taldetan banatuta. Angel Olarani lagundu eta zenbait toki ezagutzeko aukera izan dute, 50 metro inguruko diametroa zuen zuhaitz izugarri bat ikusten eta Geraltako mendietan egon ziren: lautada batean altxatzen den mendikatea oso polita da. Ez da oso altua, eta gainean meseta bat eta amildegiak ditu.
Lasarte-Oriatik Etiopiara joan diren gaztetxoak oso ondo ibili dira, asko ikasi dute eta oso esperientzia ona bizi. Zerbait ikusteko edo grabatzeko planik ez zenean, Angeli zer egin behar zen galdetu eta arbolak ureztatzen ez bazen, sukaldean lanean edota agureak garbitzen aritu dira. Hango umeen etxeetan ere egon dira.
Gauza nahiko normalak jaten dituzte, etxeko baratzeko barazkiak, berenjena, aza, azenario, patata, arroza eta pasta ere jaten da, era batera edo bestera prestatuta, eta entsaladak ere bai. Denetarik jan dugu, azokan erositako arrain bat, eta pazko egunean han ere egun berezia zenez, egun horretan bazkari handiak egiten dituzte, txekor bat hil zuten. Ahuntza ere jarri zuten beste behin. Beraien oinarrizko otordua talo moduko bat da Injera izenekoa, krepe moduko bat, hiru egunez utzitakoa, eta gainean barazki edo saltsak,...
Kafe edo te zeremoniak oso politak eta ohikoak dira han. Kafe bat prestatzearen prozesu guztia da, leku bat hautatzen dute, belar batzuekin markatu, kafe ale gordinak erre, usaintzeko pasa, gero bertan txikitu, ura sutan jarri kafeteran, eta azkenean kafea ematen dute probatzeko eta hartzeko. Kontua da oso garesti dagoela kafea merkatuan,...
Edu Galardirentzat esperientzia pertsonal polita izan da, gainera Etiopiari estimu berezia izan dio beti, asmo miresten ditu Etiopiako atletak eta adierazi zien hori egun horietan etiopiarrei, “Mamo Wolde eta Abebe Bikila bezalako korrikalari mitikorik ez nuen ikusterik izan, baina bai ondorengoak, 80. hamarkadan etorri zirenak, eta beti ikusten nituen bere txikitasunean oso indartsu, oin hutsik korrika,... Keniarrak ere etortzen ziren baina ez nituen hainbeste miresten. Gerora handiak etorri dira handik Grebeselassie eta beste hainbat”. Harrituta zera kontatu digu: “futbol selekziorik ez dago, futbolean ez dira ezer, hori onartuta daukate, Madril, Bartzelona, Manchester edo Arsenalen zaleak dira futbolean, amorratuak baina bestela, atletismo zaleak”.
Goizean goiz jaiki eta entrenamendu bat ikustera joan ziren: Iaz Etiopia Utopia elkartearen bitartean Behobia Donostia lasterketara lau etiopiar gonbidatu zituzten Wukroko bi neska eta bi mutil. Lasterketa batzuek irabazi zituzten, baina Behobia Donostia egunean antolatzaileek akats bat izan zuten, auto batean zituzten zapatilak txiparekin, baina berotzen ari zirela autoak alde egin zuen, lasterketa abiatu zenean autoaren bila segitzen zuten eta 45 minutu beranduago atera ziren. Edu Galardi bera Gaintxurizketan gora zihoala aurreratu zuten bi mutilek. Eta neskek Mirakruz-en behean. Nesken artean, hauetako batek egin zuen lasterketako denborarik onena, baina txipak markatutakoak ez zuen balio ofizialki. Mutilek ere ordu bete eta lau minutuko denbora egin zuten eta 10.000 lagun aurreratu behar izan zituzten.
Goizeko 6:00etam hasi zen entrenamenduan hemen Behobia Donostian egon zen korrikalari bat, Maru (oso jatorra) eta entrenatzaileetako bat ikusi zituzten. Edu Galardik 16-17 urteko neskatxa batzuekin batera korrika egiteko aukera izan zuen, “mutilak azkarregi zebiltzan eta. Ilusioa egin zidan”.
Edu Galardiren ustez, altueran entrenatzen dutelako dira hain korrikalari onak, 2.000 metrotan. Bestalde, egunero azoka dagoen herrietara joaten dira txikitatik, eta agian 10 bat kilometrora dago, goizeko seietan atera eta oinez joaten dira. Eta gero itzuli. Ez daukate beste zer eginik, hori da beraien bizitza”. Dena den, “Batek esan zidanez, Wukrokoak ez dira onenak, baizik eta Addis Abeba ingurukoak”.
Lasarteoriatarrek Europarrek Afrikan duten jokabidea ezagutzeko aukera izan zuten eta eta ez dakite ziur gauzak eramanda eta lagunduta ondo egiten ari diren ala euren kasa utzi behar zaien: “boluntariotzarena oso mundu konplexua da, batzuk badirudi han oporretan daudela, beste batzuek bere kasa ari dira, hara iritsi eta ondo egiten duten bakarrak direla uste dute, eta nire irudipena da egiten duzuna egiten duzula hanka sartzen ari zarela. Ematen badiezu ematen diezulako, ematen ez badiezu ematen ez diezulako. Gauzak ekarrita, ondo egiten ari al gara? Edo bere kasa utzi behar zaie?
Dena den, ehunka TB kanal iristen dira eta hemengo bizimodua ezagutzen dute.