Asteburuan jai giroa Zabaleta auzoan

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ekainaren 6a

Egun hauetan aldapa igo eta eguraldiari aurre eginez Zabaletako jaietaz gozatu edo festan parte hartzera hurbildu den herritar kopurua handia izan da.
Ostiral arratsaldean euriak atsedena eman eta haurrek ederki gozatu zuten Teresa sorginaren etorrerarekin eta aurretik egindako merienda eta antzerkiarekin. Porrotxek bota du aurten txupina .
Ostean, helduen txanda izan zen eta Antonio Blas plaza musikaz bete zen. Lehenik, dantza garaikidearen emanaldiaz disfrutatzek aukera egon zen eta ondoren, Xumela abesbatzak betiko abestiak eskaini zituen. Gauari amaiera ederra emateko Itzartu eta Ahuen taldeak kontzertua eskaini zuten.

Puzgarrien festa

Larunbatean eguzkiren beroari aurre eginez, haurrak ederki ibili ziren Irrien Lagunek prestatutako puzgarrietan eta barre eta algara ugari entzun ziren Hipo eta Tomax pailazoen emanaldian.
Honetaz gain, helduentzat eskoba, mus eta pote txapelketa antolatu ziren.
Eta gauean, bertso saioan, Ane Labaka, Uxue Alberdi, Andoni Otamendi eta Julio Soto fin aritu ziren oholtzan.
Gaueko Itzalak, Eratu eta talde sorpresarekin ordu txikitan amaitu zen eguna auzoko gazteentzat.

Baserritar giroa

Atzo, jaien azken egunean auzokide eta herritarrek baserritarrez jantzi ziren.
Eguna Landaberri ikastolako dantza saioarekin hasi zen eta ondoren urteroko proba mistoa egin zuten, baita idi proba ere.
Kirolaren ostean, herri bazkaria eta erromeria izan ziren.
Eta hau guztiaz gain, Teresa Sorginari hurrengo urtera arte agur esan baino lehen, haurrek herri kiroletan ibiltzeko aukera izan zuten.