Berriro ekin diote Antzerki eta Dantza asteari

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ekainaren 7a

Astebeteko geldialdiaren ostean, atzo ekin zitzaion berriro IX. Antzerki eta Dantza asteari. Atzotik hasieta eta larunbata bitartean herriko artista ugari igoko dira Manuel Lekuona kultur etxeko oholtzara.

Maiatzaren amaieran eman zitzaion hasiera aurtengo IX.Antzerki eta Dantza asteari. Astebeteko geldialdiaren ostean atzo buelta ziren herriko antzezleak prestatu dituzten antzezlan eta dantzaldiak kultur etxeko oholtzara. Goizetan, eskola ikasleentzako txanda izango da, eta arratsaldean, goizeko talde berak gainerakoentzat.
Atzo Sasoeta HH-5 eta LH-1ko ikasleak "Goazen jolastera" antzeztu ziguten. Ondoren Sasoetako LH-3ren txanda izan zen "Mimo bat naiz" obrarekin. Eta azkenik, Sasoeta LH-4-5-6ko ikasleak "Burugorri institutoan" obra oholtzaratu zuten.

Landaberrikoen txanda

Gaur goizean, 11:15etan ikastoletako ikasleentzako txanda izango da eta arratsaldeko 19:00etan gainerakoentzat. Gaurko emanaldian Landaberri LH-4ko ikasleak ikusteko parada egongo da. Lehenengo taldeak "Hollywoodeko izarrak" obra antzeztuko dute eta bigarrengoak "Eskale Musikariak".

Artistak peto

Asteazkenean, ekainaren 8an berriro ere arratsaldeko 19:00etan Manuel Lekuona artistaz beteko da. Landaberri LH-6ak izango dira egunari hasiera emango ditoenak "Bizko-bizko, Txooo!" eta "Txanpon bila New Yorken" obrekin. Amaitzeko, Amassorrain LH-6 "Erasoak akabo" obra oholtzaratuko du.

Azken txanpa

Ekainaren 9an, ostegunean Landaberri LH-5 en bi talderen txanda izango da eta "Klown abenturak" ekarriko dizkigute Lasarte-Oriara. Hauek ere arratsaldeko 19:00etan emango diote hasiera emanaldiari.

Helduen txanda

Ostiralean antzerki eta dantza astean parte hartzen duten helduen txanda iritsiko da. Gaueko 22:30etan Helduak taldeak "LarrialdiAIAIAIA...k" obra ekarriko digute. Musikala landu dute taldekide hauek, ez galdu ikusteko aukera ederra.
Eta igandean, IX.Antzerki eta Dantza asteari amaiera emateko bi sesio egongo dira. Arratsaldeko 20:00etan Kukuka Gazteak "Bizitzaren zirkoa" antzeztuko dute eta Añorga "Cromtech" obra.
Geldialdi baten ostean, eguneko bigarren sesiori emango zaio hasiera. 22:30etan beste heldu taldearen txanda izango da "Andrearen urtea" obrarekin eta artista aste honi Jalgunek "20 urte hamaika bertute"rekin jarriko dio amaiera arranditsu eta arrakastatsua.