Herriko kaleak dantzaz beteko dira igandean

Txintxarri 2011ko ekainaren 8a

Urtero legez, igandean, ekainaren 12an, herriko kaleak musikaz eta dantzaz beteko dira igandean, Erketz Dantza Taldeak eta Kukukan antolatutako Dantzari Txiki egunari esker. Aurtengoa XXIII. edizioa izango da.
Herriko dantzari txikiak, bost urtetik gorakoak eta 3.D.B.Hko adin bitartekoak hartuko dute parte igandeko desfilean. Herriko Erketz txiki eta Landaberri ikastolako dantza taldeez gain, gipuzkoar talde bat eta bi nafar izango ditugu Lasarte-Oriako kaleetan zehar dantzan. Orereta, Falces eta Zangotzako taldeak izango dira gurekin.

Desfilea eta saioa

Erketz eta Kukukako antolatzaileek azaldu digutenez, talde guztiek goizeko 10:30ean dute hitzordua Andatza plazan. Ondoren, 11:00ak aldera herriko kaleetan zehar desfileari ekingo zaio, Dantzari Txikien alardeari. Talde guztiak ongietorria emateko Agurra dantzatuko dute.
Andatzatik talde guztiak elkarrekin egingo dute irteera eta ondoren EuskoTreneko errotondan desfilea desegin eta lau ibilbide ezberdinera egingo dute. Batetik Sasoeta auzo inguruan egingo dena; bestetik, Atsobakar aldekoa; hirugarren ibilbideak Zumaburu aldera egingo du eta laugarrenak, erdialdera.

Energiak errekuperatzera

Eguerdiko 13:00ak aldera emango zaio goizeko desfileari amaiera. Alardea Andatzan bukatuko da eta orduan, desfilean parte hartutako umeak herriko dantzarien etxeetara bazkaltzera joateko parada hartuko dute. Etxeetara joan, bapo bazkaldu, energiak hartu eta arratsaldeko 16:45an ume guztiak Andatza Plazan elkartu beharko dira arratsaldeko saioa prestatzeko. Talde bakoitzak bere saioa eskainiko du eta ekitaldiari amaiera emateko Dantza Txikiko XXIII. edizioan parte hartu duten dantzari guztiek fandango, arin-arin eta kalejira dantzatuko dute elkarrekin.
Arratsaldeko jardunaldiei arratsaldeko 18:15ak aldera emango zaie amaiera.

Eguraldiaren arabera

Aipatu bezala Dantzari Txikiko egunean antolatu diren ekitaldi guztiak Andatza plazan izango dute lekua. Baina eguraldi txarrarekin jaikiz gero Michelingo Kirol guneko frontoira pasako dira ekitaldi guztiak, horrela adierazi digute Kukuka eta Erketz taldeko antolatzaileak.