Plataformak Zaballosi erantzun dio

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ekainaren 9a

Hauteskundeak baino lehen, propaganda politikoaren bonbardaketa izaten dugu alderdien aldetik ahalik eta boto gehien eskuratu nahian. Hauek igarota eta alderdi politiko bakoitzak izango duen zinegotzi kopurua jakinda, negoziaketen ordua iristen da. Batzuk lanean aritzen dira alkatetzan aldaketa ezartzeko, eta beste batzuk ordea, euren boterea mantendu nahian borrokatuko dira. Dinamika honetan sartu da Lasarte-Oriako herria, baina solasaldiak bulegoetan geratu beharrean, iritzi publikora zabaldu eta ika-mikaren sortzaile bihurtu dira. Asteartean Jesus Maria Zaballos PSE-EEko alkategaiak LOHPri buruz eta hauekin mantendutako negoziaketetaz aritu zen, oraingoan azken hauek erantzun diete.

Lasarte-Orian jardunean dagoen alkateak, Jesus Maria Zaballosek asteartean LOHPrekin ekainaren 11n alkate aukeratua izateko izan dituen elkarrizketaren inguruan aritu zen prentsaurrekoan. LOHPk Zaballosek esandakoak zehaztasun faltako adierazpenak, asmakizunak eta gezurtzat jo ditu, horregatik puntu hauek argitu nahian prentsa oharra bidali du komunikabideetara.
Maiatzaren 22an ospatu ziren hauteskundeen ondoren, eta PSE-EEk jaso zituen emaitzak jakinak izanik, LOHPko zinegotzi aukeratuak bere bulegora deitu zituen. Bilera horretan, PSE-EEk bere programan zituen 100 proposamenak irakurri zizkiela aipatu dute plataformakoak "ezagutzen genituen arren oso adi entzun genituen" gaineratu du. Guzti honen ostean, LOHPkoek bi kondizio jarri zizkiten bere botoak eskuratu ahal izateko inbestidura ekitaldian "baldintzak zintzotasuna eta erantzukizuna baino ez ziren izan, ez zitzaien beste ezer ere eskatu" azaldu nahi izan dute. Are gehiago "besaulki eta prebendak, soldatak eta bulegoak arbuiatu genituen" gaineratu dute.

Negoziaketetan alboratu

LOHPtik azaldu nahi dute behin eta berriz zintzotasuna eta erantzukizunak izan zirela eskatu zitzaizkien baldintza bakarrak eta Zaballosek ondorengo erantzuna eman ziele; Jakinda zuentzako ez duzuela ezer nahi eta eskatzen didazuen gauza bakarra zintzotasuna eta erantzukizunak direla, nik, baldintza horiekin, negoziaketetan albo batean utzi behar zaituztet.
Honen aurrean LOHP argi utzi nahi du "Lasarte-Oriako alkate izateko nahia duen horrek zintzotasunez eta erantzukizunez jardun behar duela esateko gai ez bada, uste dugu ez duela kargua merezi, eta beraz gainerako korporazioko kideak beste bide batzuk aztertzera behartzen gaitu". Aipamen honi jarraiki eta asteartean Jesus Maria Zaballosek publiko LOHPko kideen inguruan esan zituen "gezur eta deskalifikazio guztien aurrean bi partidu hauen artean egon zitekeen nolabaiteko hurbiltasuna zaildu egin du, horregatik bere jarrera aldatzea gizalegez eta egiatik jokatzea eskatzen diogu".
LOHPtik argi utzi nahi dute prentsa ohar honetan aipatu dituztenak babesteko beharrezko probak dituztela eta norbaitek nahi izanez gero, edota PSE-EEk negoziaketetarako erabili nahi izan dituzten xehetasun eta ikuspegiak ezagutzeko eskuragarri daudela. Negoziaketa hauetan "Lakuako aholkulariak hartu dute parte eta ez zuten duda izan Zaballos solasaldi hauetatik kanpo usteko, negoziaketetarako ez zuela esperientzia nahikoa kontsideratuz" azaldu dute LOHPtik. Honen aurrean alderdi honek galdera bat egin dio bere buruari "ez badu esperientzia nahikoa inbestidura paktu bat negoziatzeko, alkate izateko gaitasuna al du?"
LOHP argitasuna eta takigrafikoak aldarrikatu nahi izan ditu momentu orotan eta horregatik ez du zalantzarik ezta beldurrik ere negoziaketen garapena publiko egiteko. Era honetan, "aurrerago BILDU eta EAJrekin izan ditugun elkarrizketak ere publikoak egingo ditugu" azaldu dute. Alderdi Popularrekin ez direla bildu azaldu nahi izan dute ere "gonbidapen bat luzatu genien solasaldia izateko eta ez zuten erantzun ere egin" esanez amaitu dute.