Dena den, larunbatean, Udalbatzar berriaren eraketa egunean LOHPk hartuko duen jarrerari buruzko solasaldiak egon direla aitortzen du alderdi sozialistako alkategaiak: "PSE-EEko kide den Eusko Jaurlaritzako langile eta honen bizilagun den LOHPko kide baten arteko solasaldiak egon dira. Eta ondoren, bizilagun horrek Ana Prietoren zenbakia eman zion honekin hitz egiten zezan".
Garrantzirik ez eman
Hala baina, gertatutakoa ez manipulatzeko eta duena baino garrantzia handiagorik ez emateko eskatzen dio Zaballosek LOHPri. "Izan ere, solasaldi horien berri bazuen, baita nik LOHPko kide batzuekin hitz egin dudala ere. Baina horri ez dio garrantzirik ematen, agian titular polit bat ez delako" adierazi du alkategaiak.
Grabazioa publiko egin
Honetaz gain, bi alderdiek izandako bilera osoaren grabaketa argitaratzeko eskaera egiten dio Zaballosek LOHPri. "Prieto andereak jakinarazi didanez, nire baimenik gabe grabatua izan zen. Grabazio horretan entzun ahal izango da LOHPk alderdi sozialistako Lurdes Acevedo eta Iñaki Mugika hautagaien dimisioa eskatzen duela" ere aipatzen du larunbatean PSE-EEk alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaiak.
Udal eratzea bihar
Gauzak honela, azken egunetako zurrumurru, alderdi politiko desberdinen adierazpen, erantzun eta ika-mikek ez dute garbi uzten, Lasarte-Oriako alkatetza zein alderdiren esku geratuko den.
Maiatzaren 22ko hauteskundeen emaitzek gure herriko mapa politikoa aldatu zuten. PSE-EEk 7 zinegotzi lortu zituen, Bilduk 5 ordezkari, EAJ eta LOHPak bina zinegotzi bakoitzak eta PPk bat. Beraz, guztia herriko Udal berria eratzeko Batzarrean argituko da bihar.
Bilera goizeko 9:00etan hasiko da Udalbatzar aretoan. Bertan, maiatzaren 22ko hauteskundeetan aukeratu ziren zinegotzi berriek karguaren zina egingo dute lehenengo eta Lasarte-Oriako alkatea aukeratuko dute ondoren .
Udalbatzarrean larunbatean gertatzen den guztiaren berri, www.txintxarri.info orrialdean izango duzue.