Herriko dantzari txikiak, bost urtetik hasi eta 3. DBHra bitarteko haurrek hartuko dute parte igandeko jaialdian. Kukuka Antzerki eta Dantza eskolako kideez gain, gipuzkoar talde bat eta bi nafar izango dira Lasarte-Oriako kaleetan zehar dantzan. Orereta, Falces eta Zangotzako taldeek parte hartuko dute igandeko jaian.
Kalejira eta saioa
Erketz eta Kukukako antolatzaileek azaldu digutenez, talde guztiek goizeko 10:30ean dute hitzordua Andatza plazan. Ondoren, 11:00ak aldera herriko kaleetan zehar egingo duten kalejirari ekingo diote, Dantzari Txikien alardeari, alegia. Ongietorria emateko Agurra dantzatuko dute talde guztiek.
Andatzatik talde guztiak elkarrekin aterako dira baina EuskoTreneko errotondan bakoitzak bere bidea hartuko du eta lau ibilbide ezberdin egingo dituzte: batzuek Sasoeta auzo aldera joko dute, beste batzuek Atsobakar aldera; hirugarren ibilbideak Zumaburu aldera egingo du eta laugarrenak, erdialdera.
Indarberritzera
Eguerdiko 13:00ak aldera arte dantzatuko dute taldeek banaka herriko kaleetan eta ordu horretan emango zaio amaiera goizeko kalejira eta alardeari Andatza plazan, eta bertatik abiatuko dira kanpoko dantzari txikiak herriko dantzarien etxeetara bazkaltzera. Behin bapo bazkaldu, indarberritu eta energiaz bete ondoren arratsaldeko 16:45ean berriro Andatza Plazan elkartuko dira guztiak arratsaldeko saioari ekiteko.
Talde bakoitzeko bikote batek Agurra elkarrekin dantzatu eta gero, talde bakoitzak bere saioa eskainiko du eta ekitaldiari amaiera emateko XXIII. Dantzari Txiki Egunean parte hartu duten dantzari guztiek fandango, arin-arin eta kalejira dantzatuko dituzte elkarrekin. Antolatzaileen asmoa, arratsaldeko 18:15ak aldera amaitzea da.
Eguraldiaren arabera
Aipatu bezala Dantzari Txikien Egunean antolatu diren ekitaldi gehienak Andatza plazan burutuko dira baina antolatzaileek adierazi dutenez, eguraldi txarra egingo balu Michelingo Kirol guneko frontoira pasako dira ekitaldi guztiak.